Egun eguzkitsu samarra, bai, baina egun bat gehiago baino ez zen, finean, atzokoa kalean. Museoetan, ordea, igartzen zen egun berezia zela. Haien urteko eguna: Museoen Nazioarteko Eguna. Kanpo eta barru, biak uztartzeko ahalegin berezia egin dute horregatik Euskal Herriko museo gehienek, eta asteburu osora luzatu dute okasiorako antolatutako ekitaldi berezien zerrenda. Egiten duten lana gizarteratzeko ahalegin berezia egitea da helburua. Altzuzan (Nafarroa), Oteiza museoan, esaterako, doakoa da sarrera igandera arte. Eta horra oparia sarreran zain diren Bortzirietako eskoletako ikasle eta irakasleentzat: sarrera ordaindu beharrik gabe pasatu dute sarrera. Kanpo eta barru, biak uztartuta.
Gora egin du egunak denborarekin, Juan Pablo Huercanos Oteiza museoko zuzendariordeak azaldu duenez. «Ateak ireki genituenetik ospatzen dugu guk museoen eguna, eta urtez urte gero eta garrantzi handiagoa hartu du». Erakunde hauek betetzen duten funtzio soziala aldarrikatzea da giltza, dioenez. «Ohi baino jende gehiago biltzen da beti halako egunetan, eta bada aukera museo bat baino gehiago bisitatzeko baliatzen duenik ere».
Bisita gidatuan daude Bortzirietako ikasleak. Aurrez ere egon dira museoko arduradunak ikasgelan Oteizari buruz hizketan, eta ez zaie guztiz arrotza azaltzen dietena. Altzuzan ikusiko zutenari buruz aritu ziren ikasgelan, eta ikasitakoa ikusteko tartea da oraingoa. Gidariak esandakoa adi entzuten dute denek. « Lesakan baduzue harrespil bat, ezta? Zein menditan?». Ez da galdera zaila ikasleentzat, eta berehala erantzun dute: «Agiña!». Denbora gehixeago behar izan dute, ordea, bigarren galderari erantzuteko. «Eta zer dago harri multzo horren barruan?», gidariak. Isilunea, eta badator erantzuna. «Ezer ez!». «Hori da!», zoriontzen ditu gidariak, eta azalpena dator gero. «Bada, hori bera ikusi zuen Oteizak ere». Lurrean eserita daude umeak, biribil antzeko bat osatuz.
Artistak pilotari eta bertsolaritzari buruz zuen ikuspegiaz ari dira gidaria eta umeak. Hutsuneaz eta horren esanahiaz. Gustura daude umeak. Oteizaz zer gustatzen zaion galdetuta, hutsaren beste aldera jotzen du Ainarak. Hutsunearen ifrentzura: «Dena. Dena gustatzen zait».
Lekuan lekuko ekitaldiak
Oteiza museoa ez da ekitaldi bereziak izango dituen bakarra, ordea. Bilbon Guggenheim museoak eta Arte Eder museoan doan izan zuten atzo sarrera bisitariek, eta Donostian ere berdin San Telmo museoan. Iruñeko Nafarroako Museoan, ordea, asteburu osoan izango dira ekintzak. Bisitari bakoitzari liburu bat oparituko diote egunotan, eta gauerdira arte egongo da zabalik gaur eraikina. Uharteko Arte Garaikideko Zentroan jazz emanaldi bat izango dute, eta gaur gauean, esku-argien laguntzaz, bisita gidatua egingo dute. Gasteizen, Artiumen bisita gidatuak egingo dituzte, eta performance eta kontzertuak ere izango dira. Egunotan dira ekitaldiak gune guztietan, baina lekuan-lekuan egitarau propioa du erakunde bakoitzak.
Plaza giro
Museoen barruak, bistan
Nazioarteko Museoen Eguna izan zen atzo, eta giro eta eskaintza berezia dago horregatik asteburu honetan Euskal Herriko museoetan: Altzuzan, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu