Asteburuko proposamenak

Musika eta dantza, gaita goratzeko

Kanbo. Gaita Egunaren X. aldian, 200 musikari eta dantzari batuko dituzte

Erredakzioa
2011ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Herriz herri igaro eta gero, Kanbok (Lapurdi) hartuko du asteburu honetan Gaita Egunak festibala. Musika tresna ezagutarazteko helburuarekin, hainbat ekitaldi prestatu dituzte: kontzertuak, kale animazioak, mintzaldi eztabaidak, erraldoien kalejirak...

Bi urtetik behin antolatu ohi dituzte topaketak, eta aurten X. aldia dute. Ekitaldi honetan Michel Labeguerie txistularia omenduko dute.

Asteburu osoan, guztira, 200 musikari eta dantzari elkartukodituzte; besteak beste, Iruñeko, Artaxoako, Tuterako, Gasteizko, Bilboko eta Arrasateko gaitari eta atabalariak izango dira. Txistulariek, Kanboko Jeikadi taldeak, eta erraldoi taldeek ere parte hartuko dute.

Michel Labeguerieren omenaldiarekin hasiko dira jardunaldiak ostiral iluntzean, eta horretarako Uztaritzeko txistulariak, Kanboko Arraga koroa, Fermintxo Garaikoetxea Iruñeko txistularia, Errenteriako Txistulari taldea, Garikoitz Mendizabal Bilboko txistulari taldearen burua, eta Aitor Furundarena soinujolea gonbidatu dituzte.

Larunbatean kalera aterako dira gaitariak goizean eta arratsaldean. Gainera, Labeguerieri buruzko mintzaldia (10:00) eta L' Obra Tambornesca filma emango dituzte (15:30). Iluntzean (21:00), elizan batuko dira, berriro ere, Euskal Herriko gaitarien emanaldia entzuteko.

Igandean, oboe kontzertua

Igandeko ekitaldi nagusia arratsaldeko lautan izango da elizan: oboearen inguruko kontzertua egingo dute, pianoa, oboea eta gaita luzea elkartuta. Goizean, berriz, iparraldeko gaiteroek esnatuko dituzte herritarrak dianarekin. 10:30ean, berriz, meza nagusiaren aitzakian, Uztaritzeko gaiteroak izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.