Metrora sartzeko makinen hotsa, iritsi berria den trenaren txirrioa, ateak ireki direla adierazten duen deia, korrika presaka datorrenaren takoi soinua, aldamenekoen elkarrizketak, bakarrizketak, berandu dabilenaren ezinegon hasperena, iPoderako kantuak, jolasean dabiltzan arratoien barreak eta amoranteen musuak geltokietako ehunka musikarien doinuen bidaide dira egunero New Yorken.
Askorentzat ez da ametsen hiria lehendabiziko geltokia. Luis Montalvo ekuadortarra, esate baterako, asko bidaiatutakoa da: «Frantzian, Alemanian, Herbehereetan ibilitakoa naiz. Gero, Asian, Japonian zehar bira bat egiteko aukera ere izan nuen. Eta Dubain, Arabiar Emirerri Batuetan ere egona naiz». Asko bidaiatu du Moltalvok, «eta beti musikagatik izan da». Horretarako manager bat dauka, eta hark lortzen dizkio batean eta bestean jotzeko emanaldiak.
Ekuadorren jaio zen, eta musikaria da jaiotzetik. Musika notak daramatza odolean, eta hori da han-hemen instrumentu desberdinak joz zabaltzea gustatzen zaiona.
«Azkeneko zazpi urteak AEBetara bidaiatuz pasatu ditut», dio bere bizitzako azkeneko mugimenduez hitz egitean. «Jaialdi askotan jo izan dut, eta gaur bezala, baita metroan ere».
Lur azpian jotzen aritzen da: «Jende askok musikariok metroan ikusi eta lanik ez daukagulako gaudela uste du, beste aukerarik izango ez bagenu bezala, eta hori ez da horrela».
1987. urteaz geroztik, MTA Hiriko Garraiobide Elkarteak, bere sarean musika eta arte ikuskizunak eskaintzeko Music Under New York (Musika New York Azpian) programa du abian jarrita, eta hiritarren artean harrera ezin hobea izaten du. Bertan parte hartu eta metro sarean leku bat lortu nahi duenak urtean behin egiten den proba batera aurkeztu beharra dauka. Han aukeratzen dituzten 100 lagun inguruk metro sareko 25 lekutan aste osoan 150 emanaldi inguru egiten dituzte.
Metroan jotzen musikari oso onak daudela argitu nahi izan du Ekuadorko musikariak, «eta jendeak askotan ez daki hori».
Bakarka ez bada, Espiritu Andino izeneko talde batean jotzen du Moltalvok: «Andeetako folklore tradizionala jotzen dugu». Emozio handikoa dela dio metroan jotzearen esperientzia, «jendea geratu egiten delako, begira, entzunez», eta hori asko gustatzen zaiola aitortu du Luis Montalvok.
Eta tonu bera erabiltzen du New Yorkeko publikoa ona den edo ez zehazteko: «Arrazakeria pixka bat dago, baina oro har jende ona da. Gainera, argazkia ateratzeko geratzen zaituzte, CDak erosten dizkigute eta propina eman. Hori da AEBetako errealitatea eta NYekoa», dio irribarrez.
Jasotako propina horiekin bizi litekeela dio: «Zenbat eta esperientzia gehiago izan, gainera, orduan eta gehiago irabazi dezakezu». Etxeko doinu eta kantuak metroko estazioetan jotzen badituzte ere, «familia, herria asko maite dudanez, hara bueltatu beharra daukat», aitortu du Ekuadorko musikariak.
Keth etxeko musikaria
Lower East Siden hazitakoa da Keth Mitchel, Manhattango alde hori gaur egun baino askoz ere merkeagoa eta beste itxura batekoa zenean. Duela urte batzuetako kontuak dira horiek, baina garai haiek gogoratzea bezalaxe, 60ko eta 70eko hamarkadetako musikak eta kantuak abestea du gustuko Keth Mitchelek.
Talde batean jotzen du, eta bizitza guztian aritu da musikaren munduan. «Kantatzea maite dut eta hori da egiten dudana», gaineratu du bere emanaldia 8. etorbideko geltokietako batean hasi aurretik.
«Musikaria izan naiz, eta horretatik bizi izan naiz zenbait garaitan, areto eta klubetan lan eginez», kontatu du abeslari afroamerikarrak, «baina hau aldikako lana izan da». Horregatik, beste ogibide batzuetan ere aritu behar izan du.
Hala ere, musikaren indarra handia da askorentzat, «maitatzeraino iristen garenez, ezin diot kantatzeari utzi», dio Keth Mitchelek. Baina argi dauka ez dela dirua egiteko negozioa: «Musika maite dudalako egiten dut, dibertitu beharra daukazu, ondo pasa, eta ez pentsatu diru pila egingo duzunik».
Bere hiritarrak, gehienak presaka alde batera eta bestera doazela dio, baina asko dira, hala ere,hura entzutera geratzen direnak. Turistak ere asko izaten dira, baina garai hauetan turismoa jaitsita omen dago New Yorken.
Neguaren ostean, etorriko da udaberria, bai eta etorkizuna ere. «Musika egiten jarraitu nahi dut, eta neure abestiak egitea gustatuko litzaidake. Nire kantuak irratian entzun nahiko nituzke. Estudioko lana egin eta zerbait kaleratu. Inoiz ez dakizu etorkizunak zer emango dizun. Jaungoikoak ahots eder hau eman zidan, eta horregatik oso zoriontsu nago», erantzun du mikrofonoa eskuetan hartu eta kantatzeko prest dagoela.
Baimenik gabeko kantuak
Justu Manhattango beste aldean, ekialdean, Grand Central tren geltokiak metroarekin bat egiten duen tokian, gitarra eskuan hartu eta kantuan ari da Samuel R. Saffery.
«Zeelanda Berrikoa naiz, Wellington hiriburukoa», esan du irribarretsu 30 urteko gazteak.Hiru hilabete besterik ez daramatza New Yorken, eta ahal duen tokietan jotzen du. Eta orain arteko esperientziaz ez da batere kexu: «Jendea oso atsegina da, eta horregatik nago hemen. Negu garai honetan jendea oso eskuzabala da, eta dirua ematen du. Uda partea askoz ere hobea izango dela iruditzen zait», dio baikortasunez hitz eginez.
Musika betidanik jo izan du bere herrian, baina «ofizioz, legegizon egin nintzen egun batean». «Hala ere, musika gero eta gehiago sortzen hasi nintzen, eta nire musikari bidea egitera New Yorkera etorri naiz». Bizimodua erabat aldatu eta ametsen hirira etorri berri da.
Etorkizunean bere bidea egin nahiko lukeen musikariak, folk, blues, country, rock estiloko doinuak jotzen ditu, bere gitarraz lagunduta. Mikrofono bat eta bozgorailu bat ditu berarekin, eta parean gitarraren kaxa, jendeak eskupekoa bertan utz dezan.
Ez dauka metroan jotzeko baimenik, baina ez du arazorik izan: «Interneten begiratu dut zein lege dituzten, baina ez dut uste hain gogor jartzen direnik…».
42. kalean, Times Squarreko geltoki handian bestelakoak kontatu dituzte: «Isunak jartzen dizkigute, eta atxilotu ere egin izan gaituzte», dio Angelek irribarre txiki bat eginez: «Gehienera, 75 dolarreko isunak dira, eta atxilo aldiak berriz 24 ordutakoak. Preso eramanez gero, ez digute isunik jartzen, eta, isuna jartzen badigute, ez gaituzte atxilotzen», zehaztu du. «Geltokietan jotzeko baimena daukatenak ez dituzte hainbeste molestatzen», gaineratu du Jose Manuelek.
«Gogorra baina polita»
Guajaka estatukoak (Mexiko) dira Angel eta Jose Manuel. Duela hiru urte iritsi ziren New Yorkera. Ez ziren elkarrekin etorri, baina «gau batean elkar ezagutu genuen, elkarrekin kantu bat jo genuen, eta metrora etortzea erabaki genuen», aipatu du Angelek.
Treneko bagoietan ibiltzen dira. Geltokitik geltokira Mexikoko musika joz, rantxerak joz, txapela pasatuzeta, trena geratzean, hurrengo bagoira korrika joanez. «Ongi funtzionatzen dute, estatu batuar askok ezagutzen dutelako musika hau eta gustuko dutelako», zehaztu du Jose Manuelek.
Jendearen artean denetatik dagoela diote. Ia jende gehiena adeitsua dela, babesa adierazten dietela, baina era berean gustuko ez dituztenekin ere topo egiten omen dute.
«Amerikar zuritxoak dira ondoena portatzen direnak», gaineratu du Angelek; izan ere, beren herrikideek, «latinamerikarrek apenas ematen duten ezer».
Zailtasunak zailtasun, ordea, esperientzia polita dela diote: «Gogorra da, baina jende asko ezagutzen duzu, eta polita da». Gustatzen zaien lan bat da, eta «horretatik bizibidea ateratzen dugu», dio Jose Manuelek.
Jatetxe eta jai pribatuetara ere joaten dira. Horietarako boskotea osatzen dute, eta trenerako berriz talde txikiagoak egiten dituzte.
«Estu- estu ikusten dugu etorkizuna, kar-kar-kar», dio Jose Manuelek, baina argi dute horrela jarraituko dutela bizibidea ateratzen.
New Yorken bizi direnek ere argi daukate artista horien eskaintzaz gozatzen jarraituko dutela, hirian lur azpitik mugitu nahi eta trenaren zain dauden bakoitzean.
Ezarian
Musika hiri azpian
Senegalgo kora, Andeetako txirulak, Koreako danborrak, didjeridua, txeloa, gitarra flamenkoa edo bateria. Banaka, binaka edo taldean. Era guztietako musika eskaintzen dute musikariek New York hirian, lur azpian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu