German Diaz (Valladolid, Espainia, 1978) musikaria da. Hainbat talde eta egitasmotan dabil. Filologia Klasikoa ikasten hasi zen, baina ez zuen bukatu. Gauza bera gertatu zitzaion gitarra klasikoarekin. Baina zarrabetea aurkitu zuenean, birtuoso izatera heltzeko adinako motibazioa sentitu zuen. El método cardiofónico ikuskizuna taularatuko du bihar, 11:30ean, Bizkaiko Foru Liburutegian, Bilbon.
Bihotzaren taupadetan oinarrituriko kontzertu bat emango duzu. Azal dezakezu zertan den El método cardiofónico hori?
Nire aitak oparituriko disko batzuekin sortu zen. Sendagilea da aita, eta badaki fonografiaren historiarekin loturiko guztia maite dudala. 1933. urtean Miguel Iriarte sendagile euskaldunak bihotzeko gaitzen soinuak grabatu zituen, His Master's Voice diskoetxeak norberak nahi zuena arbelezko diskoetan grabatzeko eskaintzen zuen zerbitzuan. El método cardiofónico jarri zion izenburutzat grabazioari, eta medikuntza ikasleei bihotzeko gaitzak soinuarengatik ezagutzen irakasteko erabili zuen. Oso poetikoa iruditu zitzaidan grabazioa, eta ikusi nuen oso ondo elkartuko zela 1920ko hamarkadako tresna mekanikoekin, eta zarrabetearekin ere bai, denak fonografoa bezala biradera batekin dabiltzalako.
Musikak bihotzaren erritmoan eragina duela jakinda, ez al zaizu iruditzen arriskutsua bihotzeko gaitzen soinuak erabiltzea?
Apur bat moldatu ditut soinuak, besteak beste minutu bat baino gehiago iraun dezaten. Oraingoz ez da inor hil kontzertuetan. Zorionekoak izan gara. Benjamin Franklinek —tximistorratzaren asmatzaileak— ez zuen halako zorterik izan berak sorturiko kristalezko harmonikarekin. Haurren burmuinari kalte egiten ziola esaten hasi ziren, eta tresna baztertu egin zuten.
Erabiltzen dituzun beste tresnak ere aski bitxiak dira?
Musika kutxa erabiltzen dut, Barbariako organoa, playasaxa, rolmonika kromatikoa... Denak mekanikoak dira, eta kartoi zulodunekin programatzen dira. Jakin-min handiko pertsona naiz, eta eskuak erabiltzea maite dut. Oso deigarria zaizkit tresnok, jo gabe jotzen dutelako. Interneti esker gaur baduzu hauek errazago lortzea, gero konpontzeko.
Zeuk programatzen dituzu?
Bai. Hasieran, milimetroak dituen paper bat erabiltzen nuen, musika matematika bihurtuta. Orain, nola ez, badago horretarako ordenagailurako progama bat. Halere, kartoiak eskuz zulatu behar ditut oraindik ere. Gyorgy Ligetik asko konposatu zuen Barbariako organorako, eta hari Pierre Charialek zulatzen zizkion kartoiak. Makina bat du Charialek, eta bidaltzen diozuna egiten dizu. Baina nik nahiago dut eskuz egin.
Tresna zaharrak erabiltzen dituzu, baina zure musika oso konplexua da, eta jazzetik oso gertu dago.
Tresna horien soinua maite dut, eta, gainera, abantaila handia dute: ez du axola zein zaila den ematen diezun musika. Ez dute inoiz hutsik egiten, eta ez dira inoiz kexatzen, ez gu bezala.
Artista izateaz gain, kapoiak hazten dituzu zure baserrian, eta musika jartzen diezu. Kontzertuetan giza entzuleekin ikasi duzunak balio al dizuhegaztiokin?
Entzuleak bezain maitekiro tratatzen ditut kapoiak. Denetako musika jartzen diet, Erdi Aroko polifonietatik musika garaikideraino. Hazten direnerako, jende gehienak baino musika kultura handiagoa dute.
German Diaz. Musikaria
«Musika tresna mekanikoak maite ditut: ez dute hutsik egiten eta ez dira kexatzen»
Sendagile euskaldun batek 1933. urtean grabaturiko bihotz gaitzen soinuetatik abiatuta, musika ikuskizun bitxia taularatzen du German Diaz sortzaileak, antzinako tresnak eta bere birtuosismoa erabilita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu