Bidaiak ulertzeko modu asko dago. Bidaia gehienek abiaburu bera izan ohi dute, ordea. Etxea. Jaizki Fontaneda Elgea eta Susana Rodriguez Quintana gasteiztarrek kontrako bidea egin dute. Singapurren hasi zuten bidaia eta Gasteizen bukatu dute. Asiako hego-ekialdeko muturretik ia Europako mendebaldeko muturreraino. Zazpi hilabeteko bidaia luzea, nola eta trenean. Hiru aste luze igaro dira bidaia bukatu zutenetik. Egunerokotasunera ohitzen hasteko deia sumatzen hasi dira. Oroimena eta esku artean dituzten 8.000 argazkiak ikusitakoaren lekuko dira, ordea.
Berlinen hiru urte eta erdi, eta Singapurren bi urte eman zituzten lana eta ikasketak zirela eta. Itzultzeko ordua heldu zitzaien etxetik kanpo sei urte eman ondoren. Hamasei orduko hegaldia zuten Gasteizera. Oso bestelako bidea jarraitzea erabaki zuten. «Ziztu bizian itzuli beharrean etxea, lana eta bestelakoak bilatzeko, lasaitasunez hartu genuen bidea. Gabonetarako heldu behar genuela, hori baino ez genuen argi», azaldu du Jaizki Fontanedak.
MALAYSIAKO MERKATU MUGIKORRA. Trena aukeratu zuten bidaiatzeko. Hainbat arrazoirengatik. «Trena autobusa baino erosoagoa da, eta ingurukoekin egotea errazten dizu. Hori da nahi genuena, lurraldeak ikusteaz gain, biztanleak ezagutu nahi genituen», azaldu du Fontanedak. Oinarrizko gauzak zituzten lau motxilekin ekin zioten bidaiari. Handietan arropa eta bestelakoak zeuden. Txikietan argazki kamerak eta bidean erabili beharrekoak. «Aurrerago, Txinan, negua gerturatzen ari zenez, udako arropa etxera bidali eta bertan negukoa erosi genuen», gogoratu du Rodriguezek.
Ondo ezagutzen zuten inguru batetik hasi zuten bidaia, Malaysiatik. Hainbatetan egon ziren herrialde horretan, Singapurren eman zituzten bi urte eta erdietan bertan bidaiatu baitzuten. «Izugarri gustatu zitzaidan hango trena, merkatu baten modukoa baitzen. Geltoki bakoitzean saltzaileak igotzen ziren, eta ondokoekin partekatzen zenuen erositakoa», azpimarratu du Rodriguezek.
Malaysian bertan gertatu zitzaien lehen egoera berezia. Lau orduz gelditu zen trena, geldialdiaren zergatirik eman gabe. Tarte horretaz baliatu zen Fontaneda tren-makinara gerturatu, gidariari argazkia atera eta harekin hitz egiteko. «Oso irekiak dira malaysiarrak, bizitzaz gozatzen saiatzen dira, eta hori eskertzekoa da bidaiatzerakoan», dio Fontanedak. «Oso bisitari gutxi ditu herrialde horrek, eta ez dakit zergatik», gehitu du Rodriguezek.
TRENEKO ASKATASUNA. Thailandiatik jarraitu zuten bidaia bi gasteiztarrek. Malaysian baino apur bat hobeak dira trenak, eta trenbide sare zabalagoa dute. Hor ere askatasuna sumatzen zen. «Trena ibili dabilen bitartean atea zabal dezakezu, bertan eserita zaudela paisaia ikusteko. Nahi duzuna egin dezakezu, baina jendeak ingurukoak ez izorratzea asko zaintzen du», azaldu du Fontanedak.
Lo egiteko tokia lortzeaz egunean bertan arduratu ziren. Non gelditu behar zuten bazekiten gutxi gorabehera. Kontrako bidea egiten ari ziren turistek ere gomendatzen zieten non gelditu eta zer ikusi. Turistikoegiak ziren tokiak saihesten saiatzen ziren. «Gauza ezagunak ikusi gabe itzuli gara, jendea ezagutzea zelako gure lehentasuna», dio Rodriguezek.
Benetako askatasuna islatzen zuen trena Kanputxean ezagutu zuten. Tren bakarra dago han, eta astean bitan baino ez da ibiltzen. «Zuloak ditu zoruan eta sabaian, eta, argirik ez duenez, gauetan kandelak pizten dituzte eserlekuen ondoan», gogoratu du Rodriguezek. Hogei kilometro orduko abiadura zuen trenak, eta hogeita bi ordu ematen zituen 300 kilometro inguruko bidea egiteko. Trena mugitzen ari zela, sabaiaren goialdera igotzea bazegoen kanpoan jarritako eskaileretatik, iraganeko bizimoduaren lekuko. Trena zen garraiobide nagusia orain dela hamar bat urte. Jendetza hartu ohi zuen egunero trenak, eta sabaia bera ere leporaino betetzen zen.
VIETNAMEN, ALDAKETA. Abiapuntua atzean utzi ahala, herrialdez herrialde igarotzean, aldaketak sumatu zituzten. Vietnamen sartzean trenak berak aldaketa handia izan zuen. Trenbide sare garrantzitsua aurkitu zuten, eta, ordura arte ez bezala, arau asko ere bai . Ordurako hizkuntzarekin arazoak izaten hasi ziren. Aurreko herrialdeetan neurri batean ingelesez moldatzea bazegoen, baina Vietnamen zailagoa bihurtu zen. «Zazpi azaleko kopeta garatu dugu bidaian keinuen bidez hitz egiterakoan; oilaskoa nahi izanez gero, oilaskoarena egiteko arazorik ez dut egun», azpimarratu du Rodriguezek.
Keinuek garrantzi itzela izan zuten Vietnamgo iparraldean. Txinako mugan zeudela Rodriguez gaixotu eta herri txiki bateko ospitalera eraman behar izan baitzuten, baina han inork ez zekien ingelesez. «Frantsesez apur bat zekien batek, ingelesezko hitz gutxi batzuk besteak eta gidaliburuan agertzen ziren esaldien bitartez moldatu ginen», dio Rodriguezek. Gela onenean sartu zituzten, eta hiru egunen ostean Txinarako bidea hartu zuten.
Nabarmen handitu zen hizkuntzaren muga Txinan. Toki turistikoetara ez joateko asmoak areagotu egin zuen hori, baina ez zutela inolako arazorik izan azpimarratu dute. «Txinatarrez betetako jatetxeetara joaten ginen, eta menuan argazkirik ez bazegoen sukaldera joateko baimena eskatu eta bertan aukeratzen genuen jatekoa». Txinan oso bestelako egoerak ikusi zituzten. Aireportuen moduko tren geltokiak, Olinpiar Jokoen prestaketak Pekinen izaten ari den eragina... Eraikuntza zaharrak bota dituzte berriak eraikitzeko, eta beste hainbat zaharberritu eta dendaz josi dituzte. Txinako barne turismoa hamaika txokotan eragina izaten ari dela diote Fontanedak eta Rodriguezek.
TXINA, BIHURGUNEA. Bidaia lasaitasunez hartzeak egoera berezia behartu zuen. Bost hilabete igaro ondoren, Txinan zeuden oraindik bidaiariak. Bidaiaren herena baino ez zuten bete, eta bi hilabetean gelditzen zitzaizkien bi herenak bete behar zituzten. Transiberiarra lagungarria gertatu zitzaien, egun gutxian kilometro asko egin baitzituzten. Errusiarako bisa eskuan zuten ordurako, urduritasun handia igaro ondoren. «Ez da zaila Errusiarako bisa lortzea, baina garestia da, eta denbora asko itxoin ostean ez lortzeko arriskua dago», gogoratu du Fontanedak.
Mongolian sartzerakoan ezohiko herrialde batekin egin zuten topo. Txinako turismoa atzean utzi eta basa itxurako lur eremua ikusi zuten. Udazkenean heldu ziren hara, eta oso turista gutxi zegoen orduan. «Gehien gustatu zitzaidan tokietako bat izan zen, izugarrizko askatasuna islatzen baitu. Abegi onekoak dira, gainera», esan du Rodriguezek. Errusian Txinaren moduko tren sarea aurkitu zuten. Fontanedaren gurasoak zeuden Moskun zain, eta horrek ere han egun zehatz baterako egotera behartu zituen.
AZKEN TXANPA, LASAIA. Europara gerturatu ahala paisaia aldatuz joan zen. Etxeak, jendea, eguraldia...Ukraina eta Errumania gainditu zituztenean, lagunak ikusten eman zituzten azken kilometroak. Hungarian, Austrian, Alemanian eta Frantzian lagunekin bildu ziren. Lagun zaharrak eta bidaian bertan ezagututakoak.
Abenduaren 23an zapaldu zuten Gasteizko tren geltokiko nasa, zazpi hilabete eta zazpi eguneko bidaiaren ostean, eta hamabost herrialdetako trenetan ibili ondoren. Trenak herrialde bakoitzaren isla direla deritzo Fontanedak. «Herrialde bakoitzak muga batzuk finkatzen ditu, eta hori trenean dauden arauetan islatzen dira. Zenbat eta gogorragoa, orduan eta debeku gehiago daude».
Bidaian pilatutako bizipenak islatzeko asmoa dute bi bidaiari gasteiztarrek etorkizunean. Argazki erakusketak, hitzaldiak... eta liburuan bildu nahi dituzte bizipenak.
Muturrak trenbidez lotuta
Singapurtik Gasteizerako bidea trenez egin dute Jaizki Fontaneda Elgeak eta Susana Rodriguezek, zazpi hilabetean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu