Asteazkenean eten zituen emisioak Nafar Telebistak, hamazazpi hilabeteko ibilbide oparoaren ostean. Finantzaketa arazoek eraman dute katea erabaki hori hartzera. Bi egun beranduago, Nafar Telebistako langileek agerraldia egin dute gaur Iruñean, eta azkenaldian nola ibili diren azaldu dute: "Langileok otsailetik arazoak izan ditugu soldatak jasotzeko; atzerapenak izan dira, eta lau hilabetez ere soldatarik gabe egon gara".
Abian Komunikazioa enpresarekin elkarlanean euskal munduko mugimenduek eta fundazioek sortu zuten Nafar Telebistak, eta 2015eko maiatzaren 16an hasi zituen emisioak lurreko telebista digitalean, Nafarroa osorako.
Proiektuaren ezaugarriak nabarmendu dituzte langileek: "Hedabide plurala, soziala, ezberdina izan da. Kazetaritza egiteko ilusioak eta konfiantzak indar handiagoa izan du, langileon eta gure familien errealitate pertsonalak baino". Nafar Telebistaren itzalaldia "egia bihurtu" dela berretsi dute langileek. "Gure esker ona adierazi nahi diegu jarraitu gaituztenei, egunero gure saioetara eskuzabaltasun osoz etorri diren kolaboratzaile guztiei, baita lagundu gaituzten babesle guztiei ere. Guztiek sinetsi dute guk bezala proiektu honetan", gaineratu dute langileek."Nafarroako errealitatea zabaltzeko eta proiektu berritzaile baten alde egiteko grina izan dugu orain arte lehentasun". Baina aste honetan inoiz eman nahi ez luketen albistea eman behar izan dute: katearen amaiera.