Nafarroa Oinez-eko ibilbideko hirugarren areatik laugarrenerako bidean garbitzera zihoala erantzun zituen galderak Maider Belloso festako koordinatzaileak, atzo. Festaren biharamunean lanean ari ziren Tafallako Garces de Los Fayos ikastolako ikasleak, irakasleak eta gurasoak. Ibilbidea garbitzen eta azpiegitura desmuntatzen eman zuten eguna. Lanean zeuden, baina oso pozik, jendetza bildu zelako ikastolaren aldeko festara.
Festa bukaturik, zer iritzi daukazue igandeko egunaz?
Oso ona. Urte osoko lana izan da egun bat oso ongi eta txukun ateratzeko, eta atzoko eguna [herenegun] horrelakoa izan zen. Ez genuen arazorik izan, dena ongi joan zen: aparkalekuak egun osoan betez joan ziren; trenak ere ongi iritsi ziren goizean; area guztiak bete ziren... Egin zuten paella amaitu egin zen, eta sagardoa ere bukatu zen. Jendetza ibili zen, eta oso-oso gustura gaude. Oraindik ere lanean ari gara geratu gabe. Nafarroa Oinez ez zen amaitu atzo. Oraindik asko dago egiteko.
Espero zenuten horrelako arrakasta?
Eguraldia primerakoa izan genuen, eta oso baikor ginen. Azken hamabost egunotan jendetza bildu zaigu lan egitera, eta boluntarioak ia-ia soberan izan ditugu. Hori eskertzekoa da, lanean aritu diren guztien ahalegina eta festa ondoren guztia garbi uztera eta jasotzera etorri direnak egiten ari direna.
Zenbat lagun joan ziren Tafallara badakizue. Zenbaketarik egin duzue?
Ez dugu kalkulurik egin, baina jendetza etorri zen. Izugarria izan zen.
DBHko eraikin berria egiteko diru nahikoa izanen duzuela uste duzu?
Ez. Eraikin berria egiteko ez dakit zenbat Nafarroa Oinez festa beharko genituzkeen, baina festan lortutakoak lagunduko digu proiektua martxan jartzeko.
Noiz hasiko dira lanak?
Ez dakigu oraindik, baina lanak ahalik eta azkarren hastea nahi dugu, jada ez garelako ikastolan kabitzen. 400 ikasle daude ikastolan, eta ez dago tokirik.
Zer izan zen zailena?
Ez duzu sinetsiko, baina pixka bat harrituta geunden dena hain ongi joan zelako. Beldur ginen, baina jendea oso modu egokian etorri zen. Ez zen jende pilaketarik ez eta auto buxadurarik izan. Ez zen arazo larririk sortu.
Alderdi guztietako ordezkariak bildu ziren festara. Agintarien artean sumatu zenuten faltarik?
Espero genituen baino ordezkari politiko gehiago etorri ziren. Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilariaren falta bakarrik sumatu genuen. Tafallakoa da, eta gonbidatuta zengoen, baina ez zen agertu. Alderdi berekoa den alkatea, berriz, etorri zen. Hasierako ekitaldian parte hartu zuen, eta, gainera, euskaraz ere egin zuen.
Heldu den urtean Zizur Txikiko San Fermin ikastolak hartuko du lekukoa. Zein aholku emanen zenieke?
Urte osoko lanaz gozatzea gomendatzen diet. Izugarria da egin behar den lana, baina auzolanean eta borondate onarekin egiten da.
Maider Belloso. Nafarroa Oinez-eko koordinatzailea
«Nafarroa Oinez ez zen amaitu igandean»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu