Lantaldea aldatu den arren, 2010ean hasi zeneko izpiritu berdinarekin heldu dio uztailean Udan Blai-ri Itziar Arangurenek (Iruñea, 1980).
Zer moduz doa uda Udan Blai irratsaioan?
Ongi. Uztail hasiera nahiko eskertua izaten da, sanferminak direlako eta informazio asko egoten delako. Abuztuko malda zailagoa egiten zaigu, normalean.
Zertan aldatu duzue programa?
Beti saiatzen gara saioa berritzen; berritzen ez dena filosofia da. Uda da, eta bestelako irratia egin nahi dugu. Udako soinekoa jartzen dugu. Aldaketei dagokienez, kolaborazio eta tarte berriak sartzen ditugu. Datozen kazetariek, bestalde, euren proposamenak egiten dituzte, eta izaera ezberdina ematen dio horrek.
Zer berezitasun du uda partean irratiak?
Beste entzuteko modu bat dago. Urte osoan entzuleak irudikatzen ditut goizean bizkor-bizkor gauzak egiten, gero autoan, eta akaso lanean Interneten. Orain, berriz, eguerdian irudikatzen ditut, etxean lasai bazkari bat lasai prestatzen. Edo, bestela, hondartzan, igerilekuan... entzungailuak jarrita. Beste tenore eta jarrera batean irudikatzen ditut uda partean.
Irratsaioan presentzia handia dute jaiek. Jaietako giro hori irratira eramatea zaila al da?
Adierazi nahi dut saioan aurkezten dudan tonua ez dela ni berez naizena, ez naiz Marijaia. Tonu hori ekartzen digute gaiek eta gonbidatuek. Jaiek beraiek altxatzen digute tonua.
Zuk zer nahiago dituzu hiriburu handietako festak ala herri txikietakoak?
Herri txikietakoak asko gustatzen zaizkit, baina sanferminen ostean. Edo oso sanferminzalea edo oso herri txikietakoa naiz. Gasteiz eta Bilboko jaietara, adibidez, ez dut joateko ohiturarik.
Iruñean egin bezala, Baionan, Gasteizen, Donostian eta Bilbon egingo al duzue saiorik handik bertatik?
Pentsatzen dut baietz. Hala ere, hori azken unera arte ez da erabakiko. Jai horietan egon egongo gara, baina ez dakigu zer talderekin.
Urte osoan 12:30etik 13:00etara Oilategia izaten da. Saio horretako entzuleak Udan blai-n gelditu direla iruditzen zaizu?
Iruditzen zait baietz. Ez dugu datu zehatzik. Baina gure erantzungailuan entzule askok mezuak uzten dizkigute, lehiaketetan parte hartzeko edo zerbait eskatzeko.
Duela gutxi eman ditu EGMk Euskadi Irratiaren datuak. Datu horiek zeren seinale dira?
Faktoreen artean eragina izan dezake inguruko euskarazko irrati txikiei krisiak sekulako jipoia eman diela, eta hor agian entzule mugimendu bat egon da. Gu ere programazioan ahalegin handia egiten ari gara.
Nafarroari egiten zaio kasu nahikoa EITBn?
Ez. Eduki aldetik, gu saiatzen gara. Baina nire amaren etxean, Txantrean, ez da ETB ikusten. EITBko irratiak digitalki telebista aparatuetan ezin dira entzun. Nire umeak ezin ditu euskarazko marrazki bizidunak ikusi. Egun, antenen kontu horrekin ez gara iristen. Behin iritsita, kazetarion asmoa bada Nafarroa sartzea.
Saio bat emango balizute, nolakoa egingo zenuke?
Eroso egingo nuke kulturarekin lotutako zerbait, edo Andromeda-ren antzekoa ere bai. Oso gustura egingo nuke Nafarroa osorako Faktoria bat, Iruñeko egoitzatik. Bi urte dira ideia hori zuzendaritzaren mahaian dagoela.
Komunikazioa. Itziar Aranguren. Euskadi Irratiko esataria
«Nafarroa osorako 'Faktoria' bat egingo nuke gustura, Iruñetik»
Astelehenetik ostiralera 'Udan Blai' irratsaioa gidatzen du Itziar Arangurenek, 12:00etatik 13:00etara. Hirugarren urtea da saioak Euskadi Irratiako uda freskatzen duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu