Sanferminak Iruñean. Peñen kalejira

Nafarroako tropek hartu dute plaza

Iruñeko peñek konkistaren 500. urteurrena ekarri dute gogora, zezen plazara bideko kalejiran

Nafarroa duela 500 urte konkistatu zutela gogoratu zuten peñek atzo, Iruñean. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2012ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Iruñeko zezen plaza hartu dute Nafarroako tropek. Atzo arratsaldeko 17:30ean hasi zuten erasoa. Besta giroa eman zioten oldarraldiari, txarangen musika eta joaldunen hotsa lagun. Arerioa nahastea zen helburua. Eta lortu egin zuten, antza, erresistentziarik ez baitzuten izan plazarainoko bidean. Sartu, eta konkistatu egin zuten.

Iruñeko peñek bost mende atzera egin zuten atzo, Nafarroa konkistatu zuteneko urteurrena gogora ekartzeko asmoz. Horretarako, zezen plazara sartzeko kalejirari ukitu berezia eman zioten, eta duela 500 urteko gudarien mozorroak jantzi zituzten, ezpatekin, ezkutuekin, zutoihalekin eta guzti. Etxean egindako mozorroak aukeratu zituzten hainbatek; bertze zenbaiten mozorroek zituzten xehetasunek, berriz, agerian uzten zuten erositakoak zirela.

Joaldunak jarri ziren kalejiraren buru, eta haien atzetik, Nafarroako bandera handi bat zabaldu zuten peñek. Peña bakoitzeko kideek beren pankarten atzetik hasi zuten bidea gero, musika lagun. San Frantzisko plazatik Eslava karrikara sartu ziren, eta handik Jarautara. Udaletxe plaza zeharkatu, eta Mercaderes kaletik Estafetara ailegatu ziren peñak; handik sartu ziren zezen plazan.

Arturo erregearen zaldunak

Bidean jendetzak egin zuen bat kalejira ikusteko. Kanpotarren artean, harridura aurpegia jarri zuten anitzek gudariz mozorrotutako bestazaleak agertu zirenean. Peñetako kideen artean ere bazen atzoko kalejiraren helburua argi ez zuenik. «Urtero mozorrotzen gara, eta aurten Arturo erregearen zaldun bilakatu gara», azaldu zuen Jokin Genbek.

Peña gehienek egin zuten bat konkista gogora ekartzeko kalejirarekin. Los de Bronceko kideek, hala ere, bertzelako mozorro bat aukeratu zuten atzokoan. Zirkulazio seinaleak irudikatzen zituzten txanoak jantzi zituzten. Hautu horren arrazoia zein zen ez zuten azaltzen asmatu, hala ere, galdetutako kideek. Mozorro batekin edo bertzearekin, besta giroa nagusitu zen peñetako kideen artean, plazarainoko ibilbide osoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.