Nafarroaren egun berezia

Aberri Egunarekin batera egingo dute aurten Nafarroaren Eguna, Baigorrin, hilaren 24an

Basaizea elkarteak Baigorriko eta inguruetako 60 bat kide batzen ditu. GAIZKA IROZ.
Eneko Etxegarai Urain.
Baigorri
2011ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Aurten, Basaizea Baigorriko elkarte kulturalak aste kultural berezia antolatuko du, apirilaren 24tik 30era. Aste horren egunik garrantzitsuena Nafarroaren Eguna izaten da. Egun hori 1978an iragan zen lehen aldikoz, eta, geroztik, urtez urte agendan pisua hartzen joan da apirileko azken igandean.

Aurten, hilaren 24an izango da, eta aste horretan emango diote hasiera aste kulturalari. Baina egun berezia izango da aurtengoa. Hala nola, egutegiaren arabera, Nafarroaren Eguna eta Aberri Eguna egun berean direlako.

Hori ikusita, elkarteak erabaki behar izan du. Hori zehaztu du Peio Joantorena Basaizeako kideak: «Urtero, Nafarroaren Eguna prestatu aitzin, gure herriaren egoeraz hitz egiten dugu; urtez urte, gertatu zaigu bilan berdina egitea, aitzinera pauso handirik ez zelako egina izan».

«Aurten, egoera politiko berri batean gaude, eta, keinu bat bezala, Nafarroaren Eguna eta Aberri Eguna egun berean gertatuko dira; parada etorri zaigu, aitzineko Nafarroaren egunetan aldarrikatzen genuena gauzatzeko», gaineratu du Joantorenak. Irizpide horietatik, beraz, bi egunak elkarrekin ospatzeko erabakia hartu dute.

Festa, urtero bezala

Haien hitzetan, «abertzaleen arteko batasun baten lehen seinaleak herriari eskaintzeko». Festa hauek alderdietatik harago ikusi nahi dituzte Basaizeako kideek; haien ustez, «ezin elkartuz militante xumeen lana errausten dutelako alderdiek».

Apirilaren 24an, beraz, Independentistak sareak ekitaldia antolatuko du Baigorri herri ondoko Gaztainerreka izeneko pentze batean. Aberri Eguna kari, Gernikan antolatuko duten beste ekitaldiarekin ere lotura egingo dute, bideokonferentzia moduko batekin. Joantorenak dioenez, «alderdi politikoen itzulia egingo dugu, bakoitzari Baigorrira etortzeko gomita zabaltzeko».

Nafarroaren Eguneko festa, ordea, urtero bezala ospatuko da. Goizeko hamaiketan herriko karrikak Kabalkadak berotuko ditu, gigante, dantzari, txistulari eta txarangekin.

Ondotik, plaza nagusian emanaldia izango da Basaizearen hitzartzearekin, Karmeleren irrintzinarekin eta urtero jende andana biltzen dituen dantzari eta larrain dantzarekin. Arratsaldeko lehen orduan Aberri Eguneko ekitaldia izango da, eta, hortik aitzina, eguneko egitaraua garatuz joango da.

Ekitaldiko karpan Nahixan, Xutik eta Kiki Bordatxo taldeek kontzertua egingo dute. Bitartean, Ikastolaren bazkaria izango da herrian. Horretarako, lekuak azkar erostea gomendatzen da, urte normaletan eginiko 1.200 bazkariak betetzen baitira. Egitarau ederra, beraz, aurtengoa ere.

Kultur astearekin jarraituz, haurren egunak hartuko du segida apirilaren 27an, Ninika dantza ikusgarria antolatua dute, Bil Etxean, Baigorrin, 17:00etan.

Bi egun beranduago, apirilaren 29an, urte batez isilik egon diren Hudaltzainak eta Ikazkinak taldearen bertso eta melodien entzuteko aukera emango du Basaizeak, Baigorriko Bixentenian, 21:00etan. Bukatzeko, apirilaren 30ean, Baigorriko elizan, 21:00etan, Hitzen musikaz hazi ekimena izango da. Eñaut Elorrieta, Amaren Alabak, Baigorriko gaiteroak, Et Incarnatus ganbara orkestra eta Tolosako ikastolako haur abesbatza izango dira. Egitarau zabala du, beraz, Basaizeak aurtengo aste kulturalerako.

Basaizea elkartea 1981ean sortu zen, eta, hiru helburu argirekin, kultura uztartzen dihardu: «Euskararen salbatzea, euskaldun izatearen zaintzea eta herri dinamika bultzatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.