Nafarroaren Egunik ez da ospatuko aurten. Apirilaren 26an Baigorrin (Nafarroa Beherea) egitekoa zen, baina, azkenean ez da bestarik izanen koronabirusak sortutako egoerarengatik. Kulturaldia ere ez dute eginen, beraz, Basaizea elkartearen ekitaldi guziak geratu dira bertan behera. Nafarroaren Egunaren aurretik antolatu ohi dute Kulturaldia, eta, aurten, Charles Chaplinen The Gold Rush filma ematekotan ziren zuzeneko musikarekin. Basaizeak eskerrak eman dizkie antolaketa lanetan aritu diren eta aritzeko asmoa zuten guziei sare sozialetan zabaldutako mezu batean. Ez dute agur ezkorrik eman nahi izan: «Laster arte ekitaldi berri batzuentzat... Segituko du».
Hori ez da, aitzitik, azken egunetan agendatik kendu duten ohiko saio bakarra. Pazko igandez bolantak dantzan aritzen dira Luzaiden (Nafarroa), baina, aurten, etxean geratu beharko dute konfinamendua luzatu dela eta. Aurrerago ospatzekoa zuten Almadien Eguna, Burgin (Nafarroa): maiatzaren 2an, hain zuzen ere. Azkenean, Almadiazainen Kultur Elkarteko zuzendaritza batzordeak ohar baten bidez azaldu du besta hori bertan behera uztea erabaki duela: «Almadiak jaisteko ibaiaren emariaren mailarik onena maiatzean izaten denez, ez dugu bideragarri ikusten almadien jaitsiera atzeratzea bideragarri ikusten». Azken 28 urteetan, behin baizik ez da besta bertan behera gelditu: 2012an. Euriteen ondorioz, Ezka ibaian behera jaistea arriskutsua zen; beraz, ez zuten egin. Argi printzak haien agurrean ere: «2021ean arraun egingo dugu berriro».
Koronabirusa
Nafarroaren Eguna bertan behera utzi du Basaizea elkarteak
Koronabirusak sortutako egoerarengatik hartu dute erabakia. Bolant Eguna eta Almadien Eguna ere ez dituzte eginen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu