Nafarroaren Eguna ospatuko da gaur Baigorrin (Nafarroa Behera), 33. aldikoz. Goizeko zortzietan hasita, gaueko ordu txikiak arte, besta giro apartaz gozatzeko aukera izanen da, Basaizea elkarteak antolatu ospakizunean. «Nafarroa Garaiaren eta Beherearen arteko harremana sortzeko egiten dugun besta da Nafarroaren Eguna, mugak desagertzen diren eguna. Euskal kultura eta izatearen ospakizuna da», azaldu du Maialen Gallerasek, Basaizea elkarteko kide eta Nafarroaren Egunaren antolatzaileak.
Gaur egun, gero eta arrakasta handiagoa du Nafarroaren Egunak, gero eta jende gehiago biltzen baita Baigorrira. «Egun, jada, Euskal Herri osotik dator jendea, ez soilik Nafarroatik», erran du Gallerasek, Nafarroaren Egunak duen harreraz pozik. 10.000 lagun inguru bertaratzea espero dute.
Eguna, goizean goiz hasiko dute, 08:00etan Baigorriko ikastolak eskainiko duen gosarian. 11:00etarako, kabalkada antolatu dute, plazan desfilea eta ikusgarria izanen da. Ordu eta leku berean, txalapartari eta bertsolariei eginen zaie lekua. Amikuze eta Irurtzuneko ziganteak ere han izanen dira, gaitero, trikitilari, Baigorriko dantzari eta Tuterako paloteadoekin batera.
Ikuskizuna bukatu ondotik, Basaizea elkarteko kideek hitza hartuko dute. «Nafarroaren eguna antolatu dugun hilabete kultural oso baten barnean kokatzen dugu. Hilabete kulturaleko ildo nagusia Nafarroaren konkista izan da eta hitzaldian ere dagokion lekua eman diogu», azaldu du Gallerasek. Duela 500 urte Nafarroak jasan zuen konkista jorratuko dute hitza hartzean eta, nahiz eta oraindik egitekorik izan, euskaldunek hemen segitzen duten mezua helaraziko dutela adierazi du Gallerasek.
Amikuzeko eta Donibane Garaziko ikastolek antolaturik, 14:00etan, herri bazkaria izanen da, Erramun Martikorena, Maitena Monaco eta bertsolariek alaiturik.
Bazkalondotik, bi guneetara iraganen dira ospakizunak. Bata, plazara, Zuberoako Amaren Alabak eta Iruñeko Hortzadar taldeak izanen dira, besteen artean. Xokoa deitu gunean, berriz, kontzertuz josiko da arratsalde osoa, hala nola Skatu eta Egurra eta Kitto taldeak izanen dira.
Egunaren sortzea
1979an iragan zen lehen Nafarroaren Eguna. Graxi Etxebehere izan zen sorrera bultzatu zutenetako bat. «Nafarroaren Eguna nondik datorren ulertzeko, garai hartako testuinguruan kokatu behar dugu. Egoera bizki larria zen eskualdean, gazte guziak Baionara joaten ziren lan egitera eta eskualdea husten ari zen».
Egoera horretatik abiatuz, herriko jende abertzaleek gogoetatzeari ekin ziotela azaldu du Etxebeherek, ikuspegi politiko batetik ekitaldi kultural bat sortu nahi izan zuten. «Kultura ez genuen eta ez dugu folklore bezala ikusten, baizik eta herrialde baten bere eguneroko beharrei ihardokitzeko berezitasun bezala. Eta kultura euskalduna dugunez, gure bizi beharrei modu horretan erantzuteko beharra dugu», azaldu du Etxebeherek, Nafarroaren Eguna nondik abiatu zen azaldu nahian.
Garaian, Nafarroaren Eguna, aste bateko ekitaldi kulturalaren baitan kokatzen zen egun bat zen, eta lehen aldian 200 lagun bildu ziren. «Lau lagunen artean, etxeko sukaldean egin genuen bilera batetik abiatu zen dena. Ondotik berehala, eskualdeko jendea lotu zen egitasmoari», adierazi du Etxebeherek.
Nafarroaren konkista gogoraraziko dute gaur Baigorrin
Egun guziko egitaraua antolatu du Basaizea elkarteak gaurko, Nafarroaren Eguna ospatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu