«Norberak bere bizitzaren ardatza izan behar du, eta zahartze aktiboaz hitz egiten dugunean horri buruz ari gara», Pilar Ardanza Gizarte ekintza diputatuaren hitzetan. Baina pauso bat harago eman, eta pertsona bakoitzak bere azken urteak nola igaro nahi dituen erabaki behar duela uste du Ardanzak. Eta horretarako, BECen jarri duten Nagusi'11 azoka bisitatzera joateko gomendioa luzatu du. Izan ere, «autonomia bultzatzeko elementu ugari topatu ahal izango dira 50 postuetan», Ardanzak dioenez. Nagusi'11 erakustazokak ostiralean zabaldu zituen ateak, eta gaur amaituko da; 11:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 20:00etara dago zabalik.
«Ez dut kalean lor ezin daitekeen ezer topatu hemen, baina interesgarria da dena batera eskaintzea», dio erakusketan hara eta hona dabilen emakume batek. «Oraindik ez naiz zaharra, eta erretiratu gabe nago, baina etorkizunean zahartuko naizenez nola eta zein elementu beharko ditudan jakitea ongi dagoela iruditzen zait».
Izan ere, azoka ez da adineko pertsonentzat bakarrik, helburua eurak baldin badira ere. Pertsona nagusiak zaintzeko lanetan jarduten duten pertsonak edo, besterik gabe, geriatriako azken aurrerapenak ezagutu nahi duen ororentzat dago zabalik. «Hemen ikusten ari garena oso baliagarria izan daiteke gure lanerako», diote helduen zaintzan lan egiten duten ama-alabek.
Koltxoiak, adineko pertsonen beharrei egokitutako besaulkiak, entzumen neurketak egiteko gailuak, optikak eta beste hainbat elementu topatu daitezke azokan jarrita dauden postuetan. Adineko pertsonak dira gehienak, nor bere kabuz ari direnak probatzen gauza guztiak. «Azoka itxi arte geldituko nintzateke hemen!», dio besaulkia probatzen ari den gizon batek.
Adineko pertsonekin lan egiten duten pertsonak, bestalde, zerbitzuen erakusmahaietan daude gehienbat. Laguntza teknikoa, aseguruak, aholkularitza, gestoria edo teknologia sustapena lantzen duten postuetan, besteak beste. «Gure arloan teknologia sartzeko aukera polita eskaintzen digu», esan du zaintzaile batek.
Jarduera ugari
Horretaz guztiaz gain, helduei eskainitako jarduera ugari daude antolatuta Nagusi'11 azokarako. Dantza ikastaroak, margo erakusketa, aerobika, bideojokoetan jokatzeko aukera, saskibaloi jaurtiketak edo betiko jolasetan gainerakoekin erronkan aritzeko aukera eskaintzen du erakustazokak, besteak beste.
Edozelan ere, aurtengo berrikuntza nagusia gaur bertan egingo den ekitaldia izango da. Izan ere, lehen aldiz adinekoen ibilaldi nordikoa egingo baita. Bastoi berezi batzuen laguntzarekin ibilaldi luzeagoak egiteko aukera eskaintzen dio modalitate horrek adineko pertsonari. Eskandinaviako herrialdeetan oso zabalduta dagoen ibilaldi mota da hori, eta, Euskal Herrian sustatzen hasteko, aurten Barakaldoko Nagusi'11 azokara eramatea pentsatu dute antolatzaileek. BECeko eraikinari hiru itzuli emango dizkiote bertan parte hartuko dutenek, denetara 6 kilometro eginez. Ibilaldian parte hartu nahi duenak ordu erdi lehenago eman beharko du izena. Autonomia helburutzat hartu duen azokak, beraz, kirolarekin amaituko du aurtengo jardunaldia.
Nagusiak bizitzan autonomo bihurtzeko aukera, BECen
Helduentzako produktuak erakusten dituen Nagusi'11 azoka ostiraletik dago zabalik, eta gaur amaituko daAdinekoen lehen ibilaldi nordikoa egingo dute gaur BEC kanpoaldean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu