Ezarian. Zientzia

Nano teknologia pankreako minbizia tratatzeko

Euskal Herriko bi ikerketa gune izango dira gaitzaren aurka Europako Batasunak finantzatu proiektuan

Inigo Astiz
2011ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Minbizien artean hilgarrienetariko bat da pankreakoa. Heriotza dakar diagnostikatzen den kasuen %80an. Zaila da identifikatzen, eta berandu heltzen da diagnosia gehienetan. Gaixoaren gibela, hestea edo behazun xixkua ere kutsatuta daudenean. Eta hori da zientzialariek zuzendu nahi dutena: diagnosiaren denbora. Nanoteknologia izan daiteke bideetariko bat, eta buru-belarri sartu dira horretan orain hainbat herrialdetako hogei erakunde zientifiko-teknologiko, Tel Aviveko Unibertsitateak gidatuta. Bi euskal erakunde ere bai tartean, Cic BiomaGUNE eta CIDETEC-IK4 ikerketa zentroak, hain zuzen.

Diagnosia aurreratzea da Save Me izeneko ekimenaren erronka. Lau urte iraungo du proiektuak, eta 13 milioi euroko aurrekontua izango du; Europako Batasunak jarriko ditu horietariko 10,5. Hainbat alorretako adituak arituko dira elkarlanean: nanopartikula fabrikazio adituak, erresonantzia magnetiko tekniketan aditu direnak, tomografia adituak... nanoteknologia bidez minbizia ikusi eta hari aurre egiteko tresnak sortzea izango da guztien helburua.

Gaitzari aurre egin ahal izateko, ordea, halako oinarri moduko bat sortzea izango da zientzialarien lehen helburua. Gero gaixotasuna geldiarazteko balioko duten nanopartikulentzat base gisako bat eraikitzea. Diana bat, funtsean. Tratamendu posibleen eragina puntu jakin batean kontzentra dadin eta inguruko organu eta guneetara hel ez dadin.Sarbide moduko bat garatzea da lehen urratsa, gero agente terapeutikoak erabili ahal izateko.

Nano-plataformak

Iraida Loinaz CIDETEC-IK4 zentroko zuzendariak ematen du azalpena: «Nanopartikula biokonpatibleak eta biodegradagarriak sortzea izango da lehen urratsa. Era askotakoak izango dira nanopartikula horiek, eta plataforma gisa funtzionatuko dute kontraste agenteak sartu ahal izateko. Nanopartikula biziak tratatu beharreko guneetara bideratuko dituzte agente horiek, eta minbiziaren aurkako antigorputzezko eta azido nukleikoz osatutako sendagai aurreratuak hartzeko ere balioko dute».

Minbizia detektatzeko sistema berriak sortzea da Save Me proiektuaren asmoa, Jordi Llop CIC biomaGUNEko ikerlariak dioenez. «Gaixotasuna hobeki ezagutzeko esfortzu handia egingo dugu proiektu honetan, gainera. Gaixotasunaren aurkako botika hobeak sortzen lagunduko digu horrek, baita egun erabiltzen diren terapiek eragiten dituzten albo ondorioak gutxitzen ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.