Auzi bitxi hau 2011an hasi zen, David Slater argazkila britainiarraren burutazio batekin. Tximinoek erabili eta harekin jolas egiteko moduko argazki kamara bat Indonesiako baso batean uztea otu zitzaion, eta hala egin zen mundo osoan ezagun Naruto. Tximinoak hainbat argazki atera zizkion bere buruari, Slaterren kamerarekin. Animalien babeserako elkarte batek argazki horiek sortu zituen etekinak galdegin zituen Narutorentzako, baina Kaliforniako epaitegi batek baztertu egin du eskaria.
PETA Animalien Tratamendu Etikoaren aldeko Pertsonak elkarteak aurkeztu zuen eskaria 2015. urtean. Narutok berak eginiko argazkietatik eratorritako etekinen onura jasotzeko eskubidea zuela defendatu zuen, eta salaketa jarri zuen Slaterren, haren enpresa Wildlife Personalitiesen eta Blurb editorialaren aurka —Narutok eginiko argazkiak erabili zituen liburu batean—.
Epaitegiak ez dio arrazoia eman PETA elkarteari. Ez da ahobateko erabakia izan, ordea. PETAren eskariaren kontrako bi boto izan dira, eta aldeko bat. Carlos Bea AEBetako Bederatzigarren Zirkuituko Helegite Auzitegiko epaileak adierazi duenez, Narutok, "eta orokorrean gizakiak ez diren animaliek" ez dute egile eskubideen arauek jasotzen duten babesa jasotzeko legezko oinarririk.
Dena den, erabakia ez da behin betikoa eta PETAk helegitea aurkezteko aukera izango du. Helegite epaitegian errekurritu beharko du, eta, hark arrazoia ukatuko balio, AEBetako Auzitegi Gorenera jotzeko aukera izango luke.