Natura eta gizakia, bat

XII. Bioterra azoka egingo dute gaur eta bihar Irungo Ficoba erakustazokan.167 erakustoki jarriko dituzte hiru pabilioietan

Hainbat hitzaldi eta tailer antolatu dituzte astebururako; horien artean dira Jakoba Errekondo eta Satish Kumar. BIOTERRA.
Maialen Unanue Irureta.
2015eko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Bihar iluntzera arte iraungo du XII. Bioterra azokak Irungo Ficoba erakustazokan (Gipuzkoan). Antolatzaileen arabera, produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren azokak «erantzun bikaina» jaso du, eta 167 erakustokik beteko dituzte azokaren hiru pabiloiak. Atzo hasi zen azokan, «inoiz baino ordezkaritza handiena» izango dute aurten nekazaritza ekologikoko euskal ekoizleek eta langileek, antolatzaileen arabera.

Askotariko tailer eta hitzaldiak izango dira bi egunetan. Naturall izeneko guneak osasuna eta ongizatea izango ditu ardatz; esaterako, Trager metodoaren doako erakustaldiak egingo dira: «Baigorputza eta bai adimena aintzat hartzen dituen hezkuntza prozesua» da, «askatasunez eta ahaleginik egin gabe mugitzeko daukagun gaiasuna aztertzeko balio duena». Goiz eta arratsalde egingo dute, gaur eta bihar, 10:30etik 14:30era eta 16:30etik 19:30era.

Geobat gunean, berriz, geobiologia, bioeraikuntza, energia berriztagarriak eta kudeaketa ekologikoaren arloko erakustokiak egoteaz gain, hainbat jarduera egingo dituzte: teilatu berdea eraikitzeko ikastaroa, geobiologia erakustaldiak, «domotikoki eraginkorra eta erosoa den etxe, bulego edo saltoki bat» simulatzeko prototipo bat ikusteko eta programatzeko aukera eta droneen aplikazioei buruzko azalpenak emango dituzte, besteak beste.

Hainbat hitzaldi egingo dituzte, gainera, bai gaur eta baita bihar ere. Gaur, esaterako, Jakoba Errekondo paisajistak Bizi baratzea, garaian garaikoa garaiz liburua aurkeztuko du. Argitaratu berri duen liburuan, nork bere baratzea egitera animatu ditu irakurleak Errekondok; 16:00etan izango da hitzaldia.

Satish Kumar aktibistak ere gaur eskainiko du hitzaldia, Trinitate berria: lurra, arima eta gizartea izenburupean; 17:30ean izango da. Indian jaioa, indarkeriarik ezaren eta bakearen defendatzaile sutsua da Kumar. Egun, Resurgence & Ecologist aldizkariaren editorea da. Gandhiren eta John Fitzgerald Kennedyren hilobien arteko 12.000 kilometroak oinez egin zituen, dirurik gabe.

Bihar beste hizlari batzuen txanda izango da. Claude Micmacher ekoarkitektoak eta geografoak, esaterako, eraikuntza ekologiko, ekonomiko eta iraunkorretarako irizpide eta adibideak eskainiko ditu, 11:00etan.

Horrez gain, Elorrioko Txintxirri Ikastolaren esperientziaz hitz egingo dute Erreka 20 arkitektura estudioko Silvia Urritxik eta Oreka arkitektura estudioko Nagore Tolosak eta Ekaitz Uribek. Ikastolak haur eskola berria eraiki du «bioeraikuntzako eta pedagogia aktiboko irizpide zehatzak erabiliz»; 12:30ean izango da.

Kontzientzia hartzea asmo

Aurtengo berrikuntza nagusiena sarrera eta aparkalekua doakoa izatea da, antolatzaileen arabera. Horrela, «kontsumo iraunkorrak erakartzen ez duen publikoarihainbat proposamen erakustea» da asmoa. Kontzientzia hartzea txikitatik hasten dela iritzita,produktu ekologikoekin egindako jangela berezia prestatu dute haurrentzako; euro baten truke bazkaldu ahal izango dute.

Egun osoan egongo da azoka irekita, 10:00etatik aurrera; gaur, 21:00etara arte, eta, bihar, 20:00etara arte.

XII. Bioterra azoka

Gaur eta bihar, Irungo Ficoba erakustazokan (Gipuzkoa); sarrera doakoa izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.