Igandea zen Hitzetik hortzera saioan. Jon Artano aurkezleak eta Lander Garro idazle eta bertsozaleak hartu zuten hitza bideo bat amaitu bezain laster. Maialen Lujanbiok eta Andoni Egañak Urretxun izandako bertso saioari buruz ari ziren. Natural zioen Landerrek, nola harrigarri egiten zitzaion bi bertsolarien jarduna. Esan beharrekoak neurri egokian sartu eta errimatu beharrak ez zituela hizketa moldetik urruntzen. Natural ari zirela. Goenkale telesaileko hainbat aktorek ere ez zutela lortzen halako naturaltasuna. Irribarre txiki bat marraztu zitzaien biei ezpainen ertzean, nahita ala nahi gabe.
Ados. Erabat ados nago Garroren iritziarekin. Agian, ez naiz pertsonarik egokiena halako juzkuak egiteko. Azken urteetan, ez naiz Goenkale-ren jarraitzaile fidela izan. Aldian behin ikusi izan dut. Ez nire gogoz, nahiz eta ez den gogoz kontra izan. Sofan nire ondoan esertzen diren horiek, urtean-urtean, Arraldeko gorabeherak jarraitu izan dituzte. Nik iruzkin gaiztoak egiten eta gidoia nondik nora joan daiteken asmatu nahian konpainia egiten diet. Ziur asko, ez da beharrezkoa astelehen eta astearte gauetan ematen duten atal oro ikustea ere. Hori izan daiteke telesailaren arrakastaren oinarria: testuinguru berean, istorio batetik bestera salto egiteko gaitasuna. Denboralditik denboraldira baino gehiago, istoriotik istoriora bizi dela. Gaurko istorioak ez du zer ikusirik duela denboraldi batzuetan bizi izandakoarekin, zer esanik ez bere hastapenetakoekin. Hura amaitu, eta berria sortuko dutela; berria amaitu eta hurrengoa behar izan arte. Hala hamazazpi denboraldiz.
Horretarako, ezinbestean, hainbat aktore berri aurkezten dizkigute aldian behin. Eta aktore berriei -hasiberriak, gehienetan- egotzi izan diegu denbora luzean naturaltasun falta hori. Bidea egin egin behar baita. Bizitzaren legea da hori. Baina ez dute luzeegi irauten. Behin bidean aurrera eginda, beste bide batzuk urratzen dituzte normalki. Eta berriak hasten dira oinez, eta sofan gaudenok naturaltasun eske jarraitzen dugu.
Dena den, urtero legez, ibilbide luzea egindako aktoreak ere ageri dira atalez atal. Eta horiek ere, kameraren aurreko erosotasunik gabe ikusten ditut nik. Ez zaizkit sinesgarri. Azkenaldian garatutako istorio korapilatsuetan egon daiteke horren gakoa. Galdetu, bestela, Jonan eta Txori azken bisitariei.
KOMUNIKAZIOA
Natural
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu