Zelaia eta itsasoa. Berdea eta urdina. Biak dira Zarauzko kolore bereizgarriak (Gipuzkoa). Balio handiko gune berde eta urdin horiek ezagutzeko, aukera ona izan liteke intereseko tokietatik igarotzen den ibilbidea egitea: Eraztun Berde Urdina. 11,7 kilometroko bidea da, oinez hiru ordu eta 50 minututan egitekoa, eta natura, kultura eta historia biltzen ditu.
Oinezkoek dute lehentasuna ibilbide horretan, baina tarte batzuk bizikletan egiteko egokiturik daude. Askotariko lekuak ikus daitezke bidean, bioaniztasunaren mosaiko bat osatzen dutenak: biotopoa, hezeguneak, basoa, haltzadia, itsasoa... Mutxion hasi eta Borghettoraino, ibilbide zirkularra da, eta bidean, paraje ederrez gainera, belatz handiak, ur benarrizak, arkamukak eta lezka arruntak ikus daitezke, besteak beste. Xendak maldak dituen arren, ez da bide zaila.
Ibilbide nagusiaz gainera, badira beste bide motzago batzuk ere. Arkamurka bidea 3.450 metrokoa da, eta ordu eta 25 minututan egin daiteke. Malla Harria bideak 3.520 metroko luzera du, bi ordu eskasetan egiteko modukoa. Beste aukera bat Hezeguneen bidea da, 5.120 metrokoa, eta ordu eta laurden batean egin daitekeena.
Intereseko guneak
Mosaikoaren parte da Zarauzko hondartza, Gipuzkoako handiena eta euskal kostaldeko luzeenetako bat. Bidean dago Inurritzako biotopoa ere: urak zizelkaturiko altxorra. Dunak, padurak eta itsaslabarrak daude 51,7 hektareako eremu horretan. Irita-Astiko hezegunea ere eraztunean bilduta dago: 12 hektareako eremu babestu eta aberatsa. Hegazti askok inguru horretan egiten dute habia, eta han aurkitzen dituzte asetzeko behar dituzten elikagaiak.
Interes guneetan nabarmentzekoak dira Tejeriako haltzadia eta Garate-Santa Barbara Natura 2000 sarea. Tejerian haltza da nagusi. Zuhaitz horiek xurgapen handikoak dira; beraz, baliagarriak dira substantzia kutsatzaileak eta metal astunak desagerrarazteko, xurgatu egiten baititu. Gizakiek haltzadi anitz desagerrarazi dituzte, baina Tejeriakoa mantendu egin da, eta espezie askorentzako babeslekua da.
Garate-Santa Barbara da nabarmendu beharreko azken geltokia. Balio ekologiko handiko naturguneek osatzen duten Europako Natura 2000 Sarearen parte da inguru hori, eta Getariako (Gipuzkoa) eta Zarauzko lurrak hartzen ditu. Landare eta animalia espezie ugariren habitata da, eta aipatzekoak dira artelatz basoak. Zingirako artelatz basoan artadia ere badago.
PROPOSAMENAK
Naturguneei lotuta
Eraztun Berde Urdinak Zarauzko naturguneak zeharkatzen ditu 11,7 kilometroko ibilbide batean. Oinez egiteko bidea da, lau ordu ingurukoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu