Zer gertatzen ari da egiazki Japonian? Nola bizi dute japoniarrek alerta nuklearra? Egia kontatzen ari al zaizkie? Antena3 kateko Ikerketa Taldea Fukushimako zentral nuklearraren gunera iritsi da. Irudi esklusiboak dira. Telebista kate bakar bat ere ez da hondamendi nuklearretik hain gertu egon. Erradioaktibitate neurgailu bat erabili du taldeak hondamendiaren ondorioak frogatzeko».
Hala iragarri zuen Antena3 kateak astelehen gauerako prestatutako erreportajean. Iragarpenak mezu kontrajarria gordetzen du bere barnean. Itxuraz, Japoniako arduradunen jarrera ezbaian jartzen du. Ustez, ez dira egia esaten ari. Arazoa dirudiena baino katastrofikoagoa da. Biztanleak arriskuan daude. Jakiak, edariak eta airea kutsatuta daude. Luzera, ondorioak izango ditu gertatzen ari denak. Argi dago Fukushimako arazoa konpondu nahian ari diren langile heroiek etorkizun iluna izango dutela. Jakinarazi dutenez, ordu gutxitan urte askoan pertsonok jasan dezakeguna baino erradioaktibitate handiagoa barneratu dute. Hala ere, maskara soil bat aurpegian bidali dituzte kazetariak irudi esklusiboen bila. Badirudi kazetarien osasunak ordubeteko erreportajeak baino balio txikiagoa duela. Hori, edo haiek ere egia makillatzen ari dira. Betiere, Antena3en aurrerapena ezagututa.
Ez da, ordea, joko horretan murgildu den kate bakarra. Cuatron, esate baterako, igandean, langile heroi horietako baten adierazpenak eman zituzten. Esan beharrekoen gordintasuna aitzakia hartuta, aurpegia estali eta anonimo gisa aurkeztu zuten. Ez dut maltzurra izan nahi. Ez deritzot bidezkoa. Baina hedabidearen zintzotasunean sinesteko adina arrazoi otu zitzaizkidan ez sinesteko. Sortu den alarmak bideratu egiten baitu urruntasunetik nahierara jokatzeko. Mezuak nahasgarriegiak dira. Hastapenetan Japoniako gizartearen aurreikuspen ona aldarrikatzen zuenak jarri nahi du orain kolokan. Atzo biztanleen heldutasuna azpimarratzen zuena da gaur aurpegia estaliz haren mingaina askatu nahi duena.
Bien bitartean, hasi dira kate batzuk balentria heroikoak zerrendatzen: jabearen aldamenean eutsi eta salbamendu taldeei kokalekua jakinarazi dien txakurraren istorioa, frigorifikoko jogurtei esker bederatzi egunez bizitzari eutsi dioten amona eta ilobaren indarra... Inork ez ditu, baina, eskutik heldu lasai negar egin dezaten.
Komunikazioa. Ekografiak
Negarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu