Bihar Berrian

Negua, artzainentzat sasoi gogorrena

Azaroaren erdialdera jaiotzen dira lehenengo arkumeak, eta orduan hasten da negua artzainentzat. Erditzeak dira neguko zeregin nagusia, eta esneari lotutako lanak gehitzen zaizkie gero. Haiek jorratuko ditu bihar ‘Bizigiro’ saileko gehigarriak, Aitor Iztueta artzainaren ukuilutik.

Arkumeei esnea edaten laguntzen die Iztuetak. IñIGO URIZ
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
2018ko azaroaren 23a
09:51
Entzun

Hasi dira erditzen Aitor Iztueta artzainaren ardiak; Lazkaomendiko (Lazkao, Gipuzkoa) Intzartzu etxearen ondoan du ukuilua, eta han pasatzen du eguna: ardiei bazka ematen, azpiak egiten, arkumeei esnea edaten laguntzen eta beste hainbat lanetan aritzen da. Hala ere, ardiei erditzeetan laguntzea da lan guztietan gogorrena. Hilabeteren buruan, ardiak jezten eta gazta egiten ere hasiko da. Halakoa da negua artzainentzat, lan eta neke askoko sasoia. Iztuetaren ukuiluan igarotako egun bat izango du bihar ardatz Bizigiro saileko gehigarriak.

Zinemak ere izango du tartea gehigarrian, Gontzal Agoteren eskutik. Steve Mc Queenek zuzendutako Widows (2018) filma izango du mintzagai. 1980ko hamarkadako izen bereko telesailaren moldaketa egin du zuzendari britainiarrak; lau emakume dira protagonistak, eta haien herentzia kontu ilunek gidatuko dute istorioa.

Gastronomia orrian, Jock Zonfrillo sukaldariaren elkarrizketa izango da: Basque Culinary World Prize saria jaso du Australiako aborigenekin egiten duen lanagatik. Bestalde, begien zaintzari buruzko erreportajea ere irakurri ahal izango da gehigarrian: begiak zaintzeko aholkuak eman ditu Javier Mendikute Donostiako Ospitaleko oftalmologoak.

Azkenik, igandean egingo duten Usurbilgo (Gipuzkoa) Erle Eguna ere jorratuko du. Besteak beste, XX. Ezti lehiaketa izango da, eta Euskal Herri osoko hainbat ekoizlek parte hartuko dute Erle Laguna elkarteak antolatutako festan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.