Mendia. Neguko espedizioak

Neguko gotorlekuak

Pakistango bost zortzimilakoak igo gabe daude neguan: K2, Nanga Parbat, Broad Peak, G-I eta G-II. Haietako lauk hartuko dituzte mendizaleak: Alex Txikon eta Gorri Gasherbrum I-era joango dira.

Mendizale bat Gasherbrum II mendia parez pare duela. Neguan igo gabe dagoen bost zortzimilakoetako bat da G-II mendia. ED VIESTRUS.
2010eko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Udaberrian edo udazkenean Everesten eta Cho Oyun elkartzen den jende uholdearen arrastorik ez dute aurkituko Karakorumera abiatu diren edo abiatzear diren espedizioek. Baldintza gogorrak, muturreko hotza, elurra eta haizea izango dituzte bidelagun. Eta bakardadea, bakardade erabatekoa. Gozatzetik gutxi eta sufritzetik asko du zortzimilako mendietako neguak, eta baldintza horietan gutxi dira hara joateak erakartzen dituen mendizaleak. «Baldintzak oso gogorrak dira neguan, Pakistanen batez ere; humanoagoa da Nepalgo negua. Mendizalea erabat baldintzatuta dago bide normaletatik igotzera, eta muturreko baldintzatan, gainera. Erakargarritasun handirik ez diot ikusten neguari». Alberto Iñurrategiren hitzak dira. Badaki zertaz ari den, bertatik bertara ezagutu baititu hozkailu muturrekoaren baldintzak.

Karakorum mendikatean daude hamalau zortzimilakoetako bost, eta guztiak daude neguan igo gabe: K2, Broad Peak, Nanga Parbat eta Gasherbrum I eta II. Haietako lauk hartuko dituzte mendizaleak datozen egunetan. Iritsiko ote dira neguko gotorleku gaindiezin horietakoren batera?

Gasherbrum I mendira (8.047) joango dira Alex Txikon bizkaitarra eta Roberto Rojo Gorri arabarra, beste hiru alpinistarekin taldea osatuz: Gerfried Goschl austriarrarekin eta Louis Rousseau eta Dan Bowie kanadarrarekin. Hasiera batean, Txikon, Goschl eta Rousseau ziren joatekoak, eta Gorrieta Bowie batu zaizkie ondoren —beste bi lagun beheko kanpalekuan izango dituzte laguntzeko—. Anbizio handiko proiektua daramate esku artean; G-I igotzea nahikoa ez, eta beste bide bat ireki nahi dute mendian. Beheko kanpalekua jarri eta mendiaren baldintzak bertatik bertara ikusi eta ezagutu arte, ordea, ez dute erabakiko nola jokatu. Jakin badakite tontorrera iristeko aukera gutxi dutela —ez da alferrik neguan igo gabe dagoen mendietako bat—, eta horretaz jakitun hartuko dute erabakia.

2003ko urtarrilean Juanito Oiarzabal, Juan Vallejo, Josu Bereziartua eta Mikel Zabalza Broad Peakera joan zirenetik, ez da euskal mendizalerik joan zortzimilako mendi batera neguan. Orduko hartan asteak egin zituzten mendizaleek beheko kanpalekuko dendetatik atera ezinda, eguraldi zakarrak eraginda.

Moro eta Urubko, G-II mendira

Urtarrilera arte zain egon gabe, astelehenean abiatu ziren Pakistanera Simone Moro eta Denis Urubko. Bikote indartsua osatzen dute, eta alpinista zailduak dira biak. Neguko baldintzetan zortzimilako mendi bat igotzeko espedizio astun eta jendetsuak behar direla zioen idatzi gabeko legea irauli duten mendizaleak dira. Halako erronka bati ekiteko garrantzitsua den beste osagai bat ere badute: adiskideak dira, lagunak, eta elkar ederki ezagutzen dute. «Begiratu bakarrarekin nahikoa dugu nola gauden jakiteko», esana dute biek.

G-II mendian (8.027) jarri dute arreta, eta Karakorumeko neguaren loterian zortzimilako bat igotzeko saria inori egokitzekotan, haiek dira hautagai nagusiak. Morok 2005eko urtarrilean igo zuen Shisha Pangma (8.027), Piotr Morawskirekin, eta 2009ko otsailean Makalu, Urubkorekin.

Himalaya hotzean ia urteroko bisitariak dira Urubko eta Moro, eta azken orduan Cory Richards kanadarra batu zaie taldean. Richardsek badu eskarmentua neguko espedizioetan, nahiz eta orain artean altuera apalagoko mendietara joan den. Iazko urtarrilean Taboche (6.495) mendiaren hego-mendebaldeko erdiko pilarea igo zuen, Renan Ozturkekin. Duela bi urte, berriz, Ines Papertekin bide bat ireki zuen Kwangde Shar (6.093) mendiaren ipar aurpegian. Espedizio hartan ezagutu zituen, hain zuzen, Moro eta Urubko.

Poloniarren arrastoa

Neguko espedizioek inon tradiziorik badute, Polonian dute. Herrialde hartako alpinistei zor zaizkie neguan igotako zortzimilakoen lehenengo igoera ia guztiak. Aurten ere ez dute hutsik egingo, eta ezaugarri desberdinak biltzen dituzten espedizio bi abiatuko dira Pakistanera: talde handi eta jendetsu bat Broad Peakera, eta talde txiki bat Nanga Parbatera.

Broad Peakeko espedizioa Polish Winter Himalayan Mountaineering 2010-2015 ekimenaren barnean gorpuztu dute. Poloniako Kirol eta Turismo batzordearen babesa dute, eta Artur Hajzer historikoa da taldeburua —besteak beste, Jerzy Kukuczkarekin igo zuen Annapurna, 1987ko neguan—. Talde handia joango dira, pisutsua, eta mendebaldeko bide normaletik egingo dute Broad Peaken gora saioa. Rafal Fronia, Jaroslaw Gawrysiak, Arkadiusz Grzadziel, Marcin Kaczkan, Robert Kazmierski, Jerzy Natkanski, Krzysztof Starek eta Robert Szymczak dira gainerako espediziokideak.

Bestelako ezaugarri batzuk ditu Nanga Parbatera doan taldeak. Tomasz Mackiewicz eta Marek Klonowski gazteek ez dute eskarmenturik zortzimilakoetan, eta neguaren gordinean estilo arin eta azkarraren aldeko apustua egin dute. Azken orduan jakin dute Nanga Parbaten konpainia izango dutela: Sergey Txigankov errusiar gaztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.