Gizon heldu bat iritsi da Ondarretara. Eskuan bi pala ditu; haiek lurrean utzi eta elastikoa kenduta ariketa fisikoak egiten hasi da. Korrikalditxoak barrutik itsasertzera; luzatze mugimenduak han eta hemen. Izerdi tantak kopetan dituela itsasertzetik aurrera egin du, uretara. Eguzkia lagun du bizkarrean; baina, hala ere, neguko itsasoaren lehen igurtziak segurtasuna kendu die pausoei. Hondartza osoan ageri den harritzak azaltzen du urratsen zalantza, ez besterik. Handik gutxira igerian dabil.
«Berrogei urte daramatzat egunero bainua hartzen», dio Manu Cristobal donostiarrak. «Eguraldiaren kontuak igual dio; gaur ona dago, baina kontrastea uretara sartzean handiagoa da. Kasik nahiago dut hotz handiagoa egitea, arinago sartzen bainaiz». Kanpoan 15 gradu inguru daude, epel samar, uretan 13-14; «baina 13 gradu horiek ez dira kanpoan sentitzen diren parekoak gorputzarentzat», azaltzen du keinu esanguratsuz. Egunero bainua hartzeak onurak ekartzen dizkiola uste du. «Bainua hartzen ez dudanean zerbait falta dut. Kresalak on egiten dio azalari, eta ur hotzak, odolaren zirkulazioari».
Manu Cristobal ez da rara avis bat Ondarretan. Tantaka izanagatik, bainatzale ausarten jarioak ez du etenik. Batzuetan Loretopetik, besteetan Tenis aldetik, ez legartzak eta ez Kantauriko uren besarkada hotzak ere ez ditu atzera botatzen. «Gutxiago ginen lehen, asko datoz orain. Batzuk taldeka, gainera». Gorputz osoa ongi lehortu eta elastikoa jarri ondoren, pala bat hartu du eskuan Cristobalek. Lagun baten zain zegoen kirol pixka bat gehiago egiteko, eta hura iritsi da jada. «56 urte egingo ditut abuztuan, eta hau guztia egiteak lagundu egiten dit».
Txanpon baten truke
Donostiako hondartzak bizi-bizirik daude neguan. Udakoaren aldean, bestelako bizitza da; kirolariek betetzen dituzte harea eta badiako urak. Surf arraunean ari dira bi gazte; kayakak ez dira falta uretan, halaber. Itsasbeherak agerian utzi duen uharritik aitzina egin dute bik, Haizearen Orrazia eta Santa Klara uhartea lotzen dituen alegiazko lerroa hautsiz. Itsas hegitik begiratzen die noizbehinka Antonio Pardo Antiguako bizilagunak (Donostia). Metalak topatzeko makinaz arakatzen du harea. «Ia egunero etortzen naiz», dio. «Txanpon bat-edo aurki dezakezu, hortik aurrera, ordea, gauza handirik ez». Pib, pib, pib... zerbait atzeman du makinak. Aitzurra hartu eta harea mugitzen hasi da. «Ez da ezer», dio etsi onean.
Paseoan dabiltzanek jakin-minez behatzen diote metalezko objektuen bilatzaileari. Eskutik heldutako bikoteak, bat eta bi eta gehiago dira. Egunak gonbit ezin hobea egiten du harean paseo bat emateko. Oinez ez, baina korrika pasatzen dira beste batzuk. Kirol ahalegina ez da hainbestekoa kresalaren usaina lagun dela.
Teniseko maldaxkatik behera emakume bat doa arin-arin; bainujantzia eta oihal bat eskuetan, besterik ez du. Bertan dagoen Hydra zentrotik atera da; han egindako gimnasia jarduna bainuarekin osatzera doa. «Egunero egiten dut. Ahalegintxo bat da, baina merezi du. Ni bezala, asko etortzen dira Hydratik», azaldu digu Maria Alvarezek. Harriei nolabait izkin egin (bat edo beste ez zapaltzea ezinezkoa da), eta plisti-plasta jarri da itsas barrura gehiegi sartu gabe. Sartu bezain azkar atera da ia, eta korrika batean doa aldatzera. «Gaurkoarekin ere bete dugu».
Neguko itsasoaren fereka
Kantauri itsasoko ura 13 gradutan dago itsasertzean, baina hori ez da traba egunero bainua hartzera joaten direnentzat; bainatzaile ausarten jarioak ez du etenik Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu