Donostiako Zinemaldiaren historiarekin lotura duten filmak ematen ari dira egunotan ETB2n. Gaur Alfred Hitchcock izango da protagonista. Zuzendari ingelesaren bi klasiko handi emango dituzte, Felix Linaresek aurkeztuta.
Zaila da esaten Hitchcocken maisulan zerrendan zein den onena.Vértigo onenen artean dagoela ez dago zalantzarik. Intriga hitza bere adierarik sakonenean erabiltzen du zuzendariak, D'entre les morts eleberri frantziarra modu zoragarrian zinemaratu baitzuen maisuak. Saio horretan, James Stewarten eta Kim Novaken jardunak, noski, izan zuen garrantzia.
Scottie Ferguson Poliziako inspektorea ohartu da altuerak beldur izugarria ematen diola; egoera traumatiko batek sorrarazi dio hori, eta, horren ondorioz, Polizia utzi beharko du. Emakume bat San Frantziskoko badiako uretatik salbatu ondoren, benetako zorabio psikologikoa eragingo dion obsesioan murgilduko da mutilzahar sinpatikoa. AEBetatik kanpo Donostian estreinatu zuten filma, 1958an. Zilarrezko Maskor bat besterik ez zioten eman zuzendariari (erotismo freudianoa zerion filmari zinemaldi frankistarentzat. Galdetu Slavoj Zizeki bestela).
Hitchcocken beste lan bat ere emango dute gaur: 01:45ean Marnie ikusi ahalko dugu.
Maitane Mitxelena
Vértigo
ETB2, 22:50. Zuz.: Alfred Hitchcock. Akt.: James Stewart, Kim Novak, Henry Jones, Tom Helmore. 123 min. J/B. AEB, 1958.
Gaurko filmak
Nekrofilia, 1950eko hamarkadako erara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu