Maratila

Nelvisen sakrifizioa

Ane Muñoz.
2011ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Langabezia gora, langabezia behera, iaz kubatar agro tipiko batean ezagutu nuen neska gazte hark kontatutakoarekin kezkatuta iratzarri naiz gaur. Nongoa nintzen esan nionean, «ba gure ama bihar bertan doa harantz», kontatu zidan alai eta hunkituta. Etxekoentzako bizitza hobe baten bila etortzekoa omen zen Bilbora. Nelvis, 62 urteko emakume heldu-heldua, hiru alaba gazteren ama da, lau iloba txikiren amona, eta gazte-gaztetandik beti alboan izan duen aita-aitona baten emazte eta laguna.

Duela bi urtetik hemen bizi den lagun kubatar batek lan egiten duen kafetegian lana lortuko ziola esan zionez geroztik, poz-pozik zeuden Nelvisen etxean. Niri, berriz, oso tristea iruditu zitzaidan. Izan ere, hilero diru pixka bat biltzearren urtetan eraikitakoa milaka kilometrotara uztera baitzihoan biharamunean. Jakin nahi nuke, bai, hilean zenbat euro aurrezteko gai izango den eta hartarako zein baldintzatan ariko den lanean, zertaz biziko den gure herrian.

Eta nola esan neska hari hau ez dela jauja, langabezia arazo larria dugula eta bere amatxo maiteak etxera euro gutxi batzuk bidali ahal izateko ezingo duela berton lasai, erraz eta eroso bizi? Esan, zenbat jasoko du kafetegi batean, katilu, plater eta edontziak garbitzen? Eta hori lana benetakoa bada! Ordaina, berriz, esfortzu handiz aurrera ateratzea lortu duen familia ederra atzean utzi beharra. Mereziko al dio sakrifizioak? Azken finean han deus gabe bizitzea posible da, gutxienez maitasunik ez zitzaion faltako. Baina hemen, ai hemen… sosik gabe ezin dugu-eta ezkaratzetik irten ere!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.