Beherakoak azterketa baten aurretik, aho korapilo baten sentsazioa jendaurrean hitz egiterakoan… nork ez du horrelakorik sentitu estres egoera bati aurre egin behar izan dionean? Ez alferrik, urdailari bigarren garuna esaten zaio, lotura estuak baitaude emozioen eta digestio aparatuaren funtzionamenduaren artean. Bi organoek, garunak eta urdailak alegia, neurotransmisore bera erabiltzen dute —ongizatearen hormona izenez ere ezagutzen den serotonina, hain zuzen ere—, eta hormona horren eskasiak arazo psikologikoak (estresa, antsietatea, depresioa) eta digestiboak (kolon minbera, bihotzerrea, kolitisa…) eragin ditzake.
Zeintzuk dira molestiarik usuenak?
Oraintsuko ikerketek frogatu duten bezala, estresak moteldu egiten du urdaileko edukia hustu eta hesteetara pasatzeko prozesua, digestioa zailduz; baina, aldi berean, kolonean zehar iragatea bizkortu egiten du, beherakoak eraginez, beste sintoma batzuen artean. Ikus ditzagun jarraian tentsio nerbiosoarekin lotutako digestio molestia usuenak:
1. Heste minberaren sindromea. Hesteen funtzionamendu oker kronikoaren ondorioz agertzen den sintoma multzoa da: sabeleko minak, gasak, beherakoak eta idorreria txandaka... Nahaste funtzionala da; bestela esanda, ez dauka detekta daitekeen inolako arrazoi organikorik atzean, eta, horregatik, diagnostikatzeko aski zaila gertatzen da.
2. Dispepsia. Digestioa egiteko arazoari esaten zaio dispepsia; egoera hori jasaten dutenei bere digestio sistemak oso motel lan egiten duela iruditzen zaie. Sintoma nagusiak ondorengoak dira: mina urdailaren goiko eta erdiko zatian (sabelminak), bihotzerrea, urdaila puztuta dago gasak direla medio, astuntasuna, azidotasuna, goragaleak, gorakoak, korrokak… Sintoma horiek estres aldietan areagotu egiten dira.
3. Bihotzerrea. Urdailetik eztarrirantz igotzen den errefluxu garratz moduko bat da. Aurrez aipatutako dispepsiarekin oso lotutako gaitza da, eta kasuen % 50ean batera agertu ohi dira. Otordu oparo eta pisutsuak egin ondoren gogorragoa izan ohi da, baita hiatoko hernia bat agertzen bada ere.
4. Gastritisa. Urdaileko mukosaren lakar bat da, azidoen gehiegizko jariaketak eragina. Otordu fuerteak egiteak, botika anti-inflamatorioak hartzeak edo urdailean Helicobacter pylori izeneko bakterioa egoteak areagotu egiten ditu sintomak.
Zer egin arazo horiek konpontzeko?
Sintoma horiekin topo eginez gero, aurreneko gauza espezialista baten kontsultara joatea da, sintomak eragingo dituen arrazoi fisikoren bat baztertzeko. Medikuak kausarik aurkitzen ez badu, hona hemen sintomak arindu eta egoera hobetzen lagunduko dizuten gomendioak.
1. Lasaigarri naturalak. Botikak edo sendabelarrak saltzen dituzten dendetan aurkituko dituzu digestiboak izateaz gain nerbioak lasaitzen ere lagunduko dizuten erremedio naturalak: ezkila lorea, kamamila, albahaka, arkakaratsa (arrosa basatia) eta lupulua, beste batzuen artean. Kafearen ordez horietako landare baten infusioa hartzen baduzu, askoz ere hobeto sentituko zara.
2. Lasai jan. Garrantzi handikoa da otorduak giro lasai eta atseginean egitea, presarik eta inolako beste denbora-pasarik (telebista, irakurketa...) gabe. Digestioa hobea izango da, eta urdaileko arazoak izateko arriskua baztertuko dugu.
3. Digestio egokiak. Otorduen ondotik, esfortzuak saihestea komeni da —intentsitate altuko kirolak egitea, adibidez—, baina ez da komeni ohean edo sofan etzanda geratzea ere, horrek errefluxuaren arriskua gehitzen duelako. Egokiena jarduera normalei ekitea da, edo paseo labur bat ematea, bestela. Afalostean, bi ordu itxaron beharko dira beti lotara joan aurretik.
4. Kirola egin. Ariketa suabeak —ibiltzea, igeri egitea, bizikletan ibiltzea eta horien antzekoak— maiz eta modu erregularrean egiten direnean, estresari aurre egiteko ez ezik, oso mesedegarriak izaten dira idorreriari aurrea hartzeko eta sabeleko minak arintzeko.
5. Lotako ohiturak hobetu. Gutxi lo egitea edo behar adina atseden ez hartzea kaltegarria izan daiteke gisa horretako nahasmenduetan. Arrazoi horregatik, lo kontuetan pauta finkoak edukitzea gomendatzen da —beti ordu berean oheratu eta jaikitzea, esaterako— eta gutxienez egunero 7-8 ordu lo egitea.
6. Erlaxatzen ikasi. Eguneroko kezka eta estresetik deskonektatzeko eta lasaitasuna berreskuratzeko modua emango digun edozer oso lagungarri gerta dakiguke: yoga edo tai txi egitea, aire zabalean paseatzea, musika entzutea edo liburu on bat irakurtzea.
Arnasketa abdominala
Arnasa hartzeko modu hori oso baliagarria gertatzen da nerbioak erlaxatzeko eta gaurkoan jorratzen ari garen digestio nahasmen funtzionalek eragindako sintomak arintzeko:
a) Jarrera. Arnasketa abdominalari ekiteko, lasai eta eroso egon behar dugu: azalera ez oso bigun baten gainean etzanda, eserita baina bizkarra inon bermatu gabe, edo baita zutik ere, bakoitzak nahiago duen jarreran, baina beti modu lasai eta eroso batean. Begiak ixtea gomendatzen da, kontzentrazio handiagoa lortzeko.
b) Teknika. Jarraian, ezkerreko eskua bularraren gainean eta eskuinekoa sabelaren gainean jarriz, arnasa hartuko dugu, mantso-mantso, diafragma jasotzen saiatuz. Arnasketa abdominala dela jakingo dugu baldin eta eskuin eskuak poliki-poliki gora eta behera egiten badu. Mugitzen dena ezkerreko eskua baldin bada, ordea, asmatu ez dugun seinale.
c) Iraupena. Urdaila erlaxatzeko, 10-15 arnasaldi oso egingo ditugu. Behin ariketa amaitu ondoren, hatz mamiekin masaje arin bat emango diogu sabelari.
Osasuna. Medikuntza
Nerbioek eragindako digestio arazoak
Herritar ugarik jasan ohi ditu digestio nahasmen funtzionalak, itxuraz ageriko arrazoirik gabe sortu eta kasurik gehienetan estresaren moduko arazo emozionalei lotuak dauden gaitz kronikoak. Sintomak arindu ditzaketen botikak badaude, baina arazoa errotik desagertzeko, beharrezkoa da gure ohituretakoren bat aldatzea eta erlaxatzen ikastea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu