Netflixek 200 milioi euro jarriko ditu Frantzian edukientzat

urtzi urkizu
2021eko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Netflix, Amazon Prime Video, Disney Plus eta Apple TV Plus ordainpeko plataformek Frantzian fakturatzen duten diru guztiaren %20 jarri beharko dute Europako edo Frantziako telesail, film eta saioetan 2022tik aurrera. Urtean 250-300 milioi euro bitarte ekarriko lituzke horrek ikus-entzunezko sektorearentzat. Akordioa asteon itxi dute.

Frantziako Ikus-entzunezko Kontseiluko presidente Roch-Olivier Maistrek akordioaren garrantzia nabarmendu du: «Behar-beharrezkoa da eredua orekatzea, agente berrien eta telebista historikoen obligazioak finkatzeko». Akordioak hiru urterako balioko du; aipatutako %20 horretatik %4 zinemako ekoizpenentzat izango da, eta gainontzeko %16a bestelako ikus-entzunezko edukientzat.

Plataformen artean, Netflix izango da Europako eta Frantziako edukietan diru gehien jarri beharko duena —kontseiluaren iturrien arabera, 200 milioi euro inguru—. Netflixek Frantziako 21 lan ekoitzi zituen iaz, eta aurten, berriz, 27.

Amazon Prime Videoren fakturazioa kalkulatzea zailagoa da, banaketa enpresa ere badelako. Edonola ere, adostu dute urtean 40 milioi euro edo fakturazioaren %30 jarriko duela edukientzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.