Ezarian. Zientzia

Neuronak sortzeko prozesua berritu eta hobetu nahi dute Inbiomedek eta Nanogunek

Parkinsonen eta Alzheimerren gaitzen ikerketan aurrera egiteko elkartu dira euskal erakunde biak

Inbiomed eta Nanoguneko arduradunak. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
Donostia
2012ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Burmuinaren eremu kaltetuak berreskuratzeko ikerkuntzak bide ugari ditu mundu zabalean. Euskal Herrian martxan da horietako bat, puntakoa gainera. Inbiomed birsorkuntza medikuntzako fundazioak eta CIC Nanogunek elkarlan hitzarmena sinatu zuten atzo. Erakunde biek jadanik zientzialariak dituzte lanean Parkinsonen eta Alzheimerren gaitzen aurkako borrokan lagungarri izango den proiektu anbiziotsu batean.

Burmuineko gaixotasun batzuek, parkinsonak eta alzheimerrak esaterako, burmuineko neuronei egiten diete kalte, eta, kalte horiei erantzuteko, ezinbestekoa da gaur egun birsorkuntza medikuntza: zelula ametatik abiatuta, zelula berriak sortzeko gai den teknika. Laborategian sortzen diren neuronak, ordea, ahulak dira oso, egokiak ez diren baldintzetan garatzen direlako. Hala, gizaki baten neuronak ia bizitza osoan bizirik egoten diren arren, laborategian sortutakoak ez; soilik bi edo hiru aste bizi dira. «Ez dute euskarri egokirik, ez dute baldintza egokirik kultiboetarako», azaldu zuen atzo Rosario Sanchez Pernautek, Inbiomedeko zientzialariak. Nanogunek «azpiegitura egokia» dauka kultibo horiek behar dituzten euskarriak diseinatzeko eta eraikitzeko; zelulak (neuronak) askoz ere baldintza egokiagotan hazteko, alegia. Nano egiturak zeresan handia izango du proiektuan zelula horiei habia egokia bilatzeko. Hor dago erakunde bien arteko hitzarmenaren gakoa. «Sinergiak aprobetxatzeko aukera garbia da», esan zuen Jose Maria Pitarke Nanoguneko zuzendariak.

'Big Science' egiten

Gurutz Linazasoro Inbiomedeko presidentearentzat, «nerbio sistema da benetako erronka birsorkuntza ingeniaritzan». Big Sciencie alorrean kokatzen du Linazasorok erakunde bien arteko proiektua. Parkinsona eta alzheimerra hartzen ditu oinarri; baina zelula ametatik abiatuta, zelula espezializatuak (neuronak) garatzeko eta indartzeko prozesuaren eraginkortasunean asmatzen badute, gibeleko edota bihotzeko zelulak sortzeko ere gai izan daiteke balizko metodo berri hori. Inbiomedek eta Nanogunek, %50ean bakoitzak, patentatuko lukete ahalezko metodo hori, betiere orain gutxi abiatutako ikerkuntzak emaitza zehatzak emango balitu.

Bi urteko epea eman diote proiektuari. Nahikoa ei da emaitza zehatzak lor ditzaketen ala ez jakiteko. Edonola ere, bi erakundeen arteko elkarlan hitzarmena «eperik gabe» luzatzeko asmoa dute, Parkinsonen eta Alzheimerren gaitzen ikerkuntzan sinergia hori lagungarria izan daitekeen moduan, «beste ikerkuntza askotan ere halaxe izan daitekeelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.