Nazioarteko zientzia-komunitateari: Bai, badakit ez naizela zientzia kontuetan aditua, baina, nire esperientzia lagungarri gertatuko zaizuelakoan, zuengana jotzea erabaki dut.
Hedabideetan irakurri dudanez, Higgs-en bosoiospetsu horren bila zenbiltzatela aurkikuntza bat izan duzue, aurkikuntza garrantzitsu bat zeinak gure zibilizazioaren oinarri sendoenak ez ezik, Albert Einstein handiaren erlatibitatearen teoria bera ere kolokan jartzen duen. Izan ere, partikula-azeleragailu baten bidez partikula ñimiño batzuek —neutrino izenaz ezagutzen dituzuenak— argiaren abiadura gainditzea lortu duzue. Zehazkiago, 60 nanosegundo azkarrago. Labur-labur azalduta: posible da argia baino azkarrago joatea. Eta hori posible bada, denboran bidaiatzea posible da, teorikoki behinik behin.
Haatik, ez zaudete ziur. Zalantzak dituzue. Ez dakizue kronometroak ondo neurtu ote duen ala, besterik gabe, 60 nanosegundo horiek akats tekniko bati leporatu behar ote diozuen. Ba, egon lasai, ez baitzaudete oker. Posible da argia baino azkarrago korrika egitea.
Nik neuk ikusi dut, nire bi begiokin. Joan den astean bertan. Bai, zientzialari maiteok, posible da argia baino azkarrago joatea eta enpirikoki frogatuta daukat. Hori bai, nahasi zarete izenarekin. Neutrinoak? Bai zera! Nik ikusitakoak ez ziren neutrinoak. Kukutzakoak ziren, eta atzetik zihoazkien beltzak.
Bide batez, zergatik ez diozue laguntza eskatzen Ares sailburuari?
Maratila
Neutrinoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu