Ezarian. Zientzia

Neutrinoen iraultza

Argiaren abiadura gainditu dute neutrinoak esaten dieten partikula batzuek, CERNeko instalazioetan egindako Opera esperimentuan. Komunitate zientifikoak zuhurtziaz eta sinesgogor hartu du fisikaren oinarriei mehatxu egiten dien emaitza hori.

CERNeko instalazioak ikusgarriak dira. BASQUE RESEARCH.
xabier martin
2011ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Munduan erreferentzia diren fisikari askok zalantza handiak azaldu dituzte Ikerketa Nuklearrerako Europako Kontseiluan (CERN) egindako esperimentu baten inguruan. Genevan egin dute saioa, Opera izena du, eta High Energy Physics aldizkarian argitaratu dute, eta, haren arabera, badira partikula batzuk (neutrinoak) argia baino azkarragoak direnak. Emaitza harrigarri horrek fisikaren oinarrietan izango lituzkeen ondorioak direla eta, hautsak harrotuta dabiltza zientzialarien artean. Ez da gutxiagorako, Einsteinen beraren erlatibitatearen teoria kolokan jarriko bailuke aurkikuntzak.

Opera esperimentuan parte hartu duten kideetako batek, Dario Autierok, aurkikuntza azaldu behar izan du aste honetan, nazioarteko prentsaren eta oro har komunitate zientifikoaren presioen ondoren. Posible al da argia baino azkarragoak diren partikulak egotea? Opera saioaren arabera, bai. 732 kilometroko ibilbidea—CERN eta Gran Sassoko laborategia lotzen dituen korridorea, lur azpian 11.400 metrora dago— argiak egingo lukeen baino 60 nanosegundo azkarrago egiteko gai izan dira neutrinoak. Akats estatistikoa 10 nanosegundokoa da.

Autierok dioenez, proiektuaren metodologia behin eta berriro aztertu dute akats baten bila, halako emaitza harrigarria azalduko lukeen akats baten bila. Baina ez dute topatu. «Datuak sei hilabetez aztertzen egon gara», dio ikerlariak; «ez da gure asmoa datu hauen interpretazio teorikorik egitea». Baina begien bistakoa da fisikaren munduan lurrikara ekar dezakeela. Opera proiektua gidatu dutenek onartzen dute emaitzak «erokeria» direla eta, horregatik, beste zientzialarien eskura jarriko dituzte, kontrastearen bila. Edonola ere, zuhurtzia da hitz gakoa aurkikuntza horri buruz hitz egiteko orduan. Ondorioak ikaragarriak lirateke fisikaren oinarri teorikoan. Einstein ikonoa ere ez legoke salbu.

Zuhurtzia, guztiaren gainetik

Metodologia aipatu dute erreferentzia diren hainbat zientzialarik, CERNeko instalazioetan egindako esperimentua ezbaian jartzeko. Stephen Hawkingek berak ere zuhurtziaz hartu du berria: «Oso goiz da honi buruz ezer esateko; esperimentu gehiago egin behar dira». Hala da; itxura batean, denek onartu dute (CERNeko arduradunek ere bai) beste zientzialari batzuek egindako esperimentuek berretsi edo baztertu egin beharko dutela Opera esperimentuaren emaitza.

Zergatik hainbesteko zuhurtzia, ordea? Zergatik horrenbesteko erresistentzia emaitzak ontzat emateko? Gaur arte fisikaren eraikinari zutik eutsi dioten oinarriak aldatu egin beharko liratekeelako. Eta ate berriak zabalduko lirateke orduan, Keplerrek errealitate heliozentrikoa onartu zuenean bezala, edota Planckek energiaren interakzioaren kuantifikazioa onartu zuenean bezala. Areago, Einsteinek mugimenduen erlatibitatea onartu zueneko unearen parean geundeke batzuen irudiko. Unibertsoari begiratzeko ate berri bat zabalduko litzateke. Beste era batera esanda: Einsteinen eta Newtonen teoriak zabaltzera behartuko luke emaitza horrek, ez baitago fisika modernoan teoriarik CERNeko instalazioetan egindako esperimentuaren emaitza azal dezakeenik.

Denboran atzera bidaiatu

Neutroi bat banantzean, protoia, elektroia eta neutrinoa sortzen dira. Askatutako energia izugarria da. Elektroiak eta protoiak ezin dira askorik mugitu, euren arteko lotura elektrikoa dela medio. Baina neutrinoa, kargarik gabeko partikula bera, abiadura ikaragarrian mugitzen da, energia zinetikoari esker. Argiaren abiadura (299.792.458 metro segundoko) baino azkarrago, ordea? Einsteinek Erlatibitatearen Teoria Berezia formulatu zuen 1905ean:E= mc2. Hari helduta etorri dira izenburu deigarrienak prentsanegunotan. Operaren emaitza zuzena balitz, denboran atzera bidaiatzea posible litzateke. Orain arte zientzia fikzioko amets bati ate bat zabalduko litzaioke. Einsteinek berak esan zuen: mezu bat argiaren abiaduran bidaltzeko gai bagina, «horrek esan nahiko luke telegrama bat iraganera bidaliko genukeela». Oraingoz, ordea, utopia da hori; hori bai, CERNeko esperimentuan hauspoa aurkitu du utopia horrek.

Opera ontzat eman ala ez; hori da, finean, erronka orain. Fermilab laborategian, Chicagon (AEB), Genevan egindako esperimentua egiteko instalazioak dituzte, eta jadanik iragarri dute horretan jarriko direla. Baikorrenek, ordea, bi edo hiru urte aipatzen dituzte emaitzak ezagutzeko. Zain-zain egongo dira zientzialari asko, batik bat Opera proiektuan aritu direnak. «Esperimentu independente batek emaitza bera izatea da nire ametsa; lasaitu ederra hartuko nuke orduan», esan du Antonio Ereditatok, Opera proiektuaren bozeramaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.