Newporteko ontzia, euskal zurez egina

Arkeolan fundazioak baieztatu du Galesen aurkitutako XV. mendeko itsasontzi handia Euskal Herriko egurrarekin egin zutelaOntziaren izena eta hemen egin ote zuten jakitea historialarientzako erronka da orain

xabier martin
Donostia
2012ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Newporteko kai zaharrean aurkitu zuten (Gales), eraberritze lan batzuen ondorioz, 2002an. Arkeologoek berehala ohartu ziren merkataritzarako ontzi handi hark antzinakoa behar zuela, Erdi Arokoa. Ostean egindako ikerketek berretsi zuten ordura arteko ustea. Izenik gabeko ontzia XV. mendekoa da, eta oso ongi eutsi dio ur azpian mendeetako joan-etorriari; urak babestu du. Nondik heldu zen ontzi hura, ordea? Zein ontziolatan egin zuten? Galdera horiek eta beste asko erantzunik gabe egon dira urte askoan; orain, argitzen hasi dira emeki-emeki.

Ontzia egiteko baliatu zuten egurra Euskal Herrikoa da, euskal haritzetatik ateratakoa. Baieztapen horrek zientziaren babesa dauka. Eta, hortaz, erraza da pentsatzea ontzia euskal ontziola batek egingo zuela. Baina hori frogatzeko dago.

«Ontzia 35 metro luze da, ozeanikoa, eta Erdi Aroko handiena Erresuma Batuan; 300 tonako zama eraman zezakeen», esan zuen atzo Wales Trinity Saint David unibertsitateko ikerlari Nigel Naylingek Donostian. Dendrokronologia da Naylingen alorra, eta diziplina horretan Arkeolan fundazioak egin dituen ikerketa lanei esker jakin du azkenik ontzi misteriotsuaren zuraren jatorria.

Josue Susperregi Arkeolaneko dendrokronologia laborategiko arduradunak lagundu zuen atzoko aurkezpenean Nayling. Garazi Lopez de Etxezarreta diputazioko Kultura zuzendariak Arkeolanen jardueraren garrantzia azpimarratu zuen. Susperregik eta haren taldeak itsasontziaren ehun egur laginen neurketak egin dituzte, izan ere; hamabost lagin banan-banan datatu dituzte, laborategiak aurretik egindako lanari esker lortutako erregistroen kurba baliatuta.

«Dendrokronologiak hainbat zuhaitzen hazkunde eraztunak ikertzen dituen zientzia da. Zuhaitz eta zura askoren ikerketari esker erregistro handia dugu Arkeolanen, eta horri esker zurezko egiturak datatu ditzakegu, ehunka urte atzera joanez», esan zuen Susperregik.

Fundazioak 1997an jarri zuen martxan laborategia, non AEBetan XX. mendearen hasieran sortutako teknika erabiltzen duten. Eraztunen lodiera klimaren araberakoa da, eta eraztun multzoek tenperatura eta euriaren aldaketak islatzen dituzte. Euri falta izan den edo hotz handia egin duen urte batean baino gehiago hazten da urte on batean arbola. «Elizen, baserrien eta antzinako beste eraikuntza batzuen zura datatu dezakegu gure laborategian».

Militarki bereganatua

Dendrokronologiari esker, hortaz, euren ontzia euskal jatorrikoa izan daitekeela jakin dute Newporteko arkeologoek. «Dokumentazio historikoa egin dugu, baina ez dakigu nola iritsi zen ontzi hori Newportera. Seguruenik, Bristolerako bidea egingo zuen, merkataritzako bidea, harik eta bahitu zuten arte, militarki bereganatu zuten arte. Gure zuhaitzetako egurrez egindako konponketa batzuk ere baditu. Agian, gerra itsasontzi gisa prestatu zuten», dio Nigel Naylingek.

XV. mendeko ontzigintzaren erreferentzia garrantzitsua da Newporteko ontzia. Red Bayn (Labrador, Kanada) aurkitutako San Joan mitikoa baino ehun bat urte zaharragoa da, eta Euskal Herrian egin zutela berretsiko balute, lagungarria litzateke oso euskal ontzigintzaren teknologiaren garapena argitzeko.

Nigel Naylingek Iberiar penintsulara begira jarri zen aspaldian, ontziaren ikerketa dela eta. Haren barruan Portugalgo eta Frantziako txanponak zein Espainiako zeramika topatu zituzten, eta itxurari begira ere «ontzi iberikoa» izango zela pentsatu zuen. Duela zazpi urte bidali zizkion zur laginak Arkeolani, baina artean fundazioaren dendrokronologia laborategiak erreferentzia kurba egiteke zuen. Azkenik, kroskoaren dozena bat xafla aztertu ditu euskal fundazioak, eta zalantzarik gabe datatu ditu, haien euskal jatorria agerian utzita.

Euskal Herriko zura edukitzeak ontzia Euskal Herrian egin zutela esan nahi du, ordea? Baliteke, baina Naylingek berak onartu zuen euskal historialariek izango dutela erantzuna inork izatekotan. Ontziaren izena zein den ez da ezaguna, eta, hortaz, zein ontziolatan egin zuten ere zehazteko dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.