Juankar Bilbaori Juankar Muga esaten diote: 27 urte daramatza Muga tabernako barraren atzean, Bilboko Zazpikaleetan. Gazte hasi zen ostalaritzan, 23 urte zituela, eta, lanean hasi zenetik, barraren atzealdean igaro ditu hiriko jaiak. Ongi ezagutzen du Aste Nagusia, eta argi dauka gauzak asko aldatu direla, Aste Nagusia ez dela lehengoa: «Ikaragarria zen; gaur egun existitzen ez den zerbait zen».
Taberna ireki eta lehenengo urte haietako Aste Nagusiak ederki oroitzen ditu. «Orduan, eguerdian bi orduz ixten nuen, eta irekitzera bueltatzen nintzenean, jendea zain izaten nuen taberna kanpoan», dio nostalgia apur batez. Gaur egun, giroa ez da horrelakoa, Juankar Mugaren hitzetan: «Taberna itxi eta lasai joan zaitezke; lehen, berriz, jendea bota egin behar izaten genuen, zerbitzariak eta biok trago batzuk hartzera joan ahal izateko». Tabernan hasi zenean, parranda eta lana uztartzen zituen; azkenaldian, ordea, lanetik etxera joatea izaten du asmoa. Dena dela, beti «engainatzen» omen dute bueltatxo bat emateko. «Aste Nagusiak esanahi berezia du niretzat, aspaldian ikusi ez ditudan lagunak ikusteko aukera ematen baitit, kanpoan bizi diren lagunak eta jaietan Bilbora itzultzen direnak».
Musikaren txokoa
Muga tabernak giro berezia dauka; dekorazioak hala adierazten du. Paretak komikietako marrazkiz beteta daude, eta fanzineak zein musika disko zaharrak ikus daitezke nonahi. Musika da, zalantzarik gabe, tabernaren arima. «Ireki nuenean, beste asmo batzuk nituen. Ondoko tabernak ikusita, pintxoak jartzea pentsatzen nuen; ez nuen musikan pentsatu. Berrogei watteko musika aparatu batekin hasi nintzen, baina bizitza horrelakoa da, eta espero gabeko bideetatik eramaten zaitu». Musikan zaletutako jendea ezagutzen hasi zen Junkar Muga, eta horrela hartu zuen Muga tabernak gaur egun duen itxura. Kontzertuak antolatzen ere hasi zen Bilboko zenbait lokaletan, eta guztira 2.000 kontzertu baino gehiago antolatu ditu: «Gaztetxekoek oroitzapen berezia utzi didate. Hura izugarria zen».
Musika aipatzean, suminduta dagoela aitortu du. Bilbon oro har musika eskaintza oso ona dela uste du, baina jaietan dagoen aukera kaxkarra iruditzen zaio: «Ez dut kartela begiratzen, ez haserretzeko. Ez dut ulertzen zergatik Udalak BBK Live festibalerako sei milioi euro ematen dituen, eta jaietarako, doakoak diren 400 ikuskizunetarako, lau milioi euro ematen dituen. Jendeak bere buruari egin beharko liokeen galdera bat dela uste dut».
Jaiak hobetzeko, guztion «eskuzabaltasuna» beharrezkoa dela uste du. «Dena eginda ematea gustatzen zaigu, eta jaiak parte hartzea eta elkarrekin banatzea dira». Era berean, kezkaturik dago Txoribarrote eta Kaskagorri konpartsei ezarritako zigorra dela eta. Horrela, konpartsen lana azpimarratu du: «Daukaguna gehiago baloratu beharko genukeela uste dut». Konpartsei gero eta espazio gutxiago uzten zaiela uste du, eta horregatik jendea gehiago integratu beharko litzatekeela, egoera aldatu ahal izateko. Bat dator konpartsek gaur egingo duten plantoarekin, baina beste proposamen bat egingo luke: «Greba japoniarren eran». «Egun horretan, txosnak ordu gehiagoz irekiko nituzke, eta bildutako dirua zigortutako txosnei emango nieke», azaldu du bere proposamena.
Aurten ere, tabernan sartuta pasatuko du Aste Nagusia, eta, horregatik, ostalari moduan eskaera bat egin du: noizbait tabernari bat izatea festetako pregoilari, ostalariek egiten duten lana aitortzeko modu gisa. «Jaiari eusten eta zerbitzu ona eskaintzeko lanean ari da ostalari asko; horregatik, uste dut jaietan esperientzia duen tabernari batek pregoilari izan beharko lukeela», azaldu du. Berak argi dauka zein den bere helburua: «Nik txupinera izan nahi dut». Bitartean, Mugan jarraituko du, urte luze hauetan ia bigarren etxea bihurtu zaion horretan: «Beti esan dut Mugak bizia salbatu didala».
Pasatutako urteen mina sentitzen duen arren, ilusioz ekin dio Aste Nagusiari Juankar Mugak, lagun zaharrak ikusi eta parrandazaleei musika ona eta zer edana eskainiz.
Marijaiaren lagunak. Juankar Muga
«Nik txupinera izan nahi dut»
Aste Nagusia ederki ezagutzen du Juankar Mugak. Parrandaz asko daki, baina jaiaren beste ikuspegi bat ere badu: Muga tabernako barraren atzealdekoa, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu