Nintendoren gorilak itzuli zirenekoa

Bide jokoetako Mario ospetsuak 25 urte bete zituen iaz. Aurten, haren etsairik zaharrenak, Donkey Kong gorilak, 30 ospatuko ditu; haren abenturarik onena Wii kontsolan berregin dute.

Mikel Carramiñana.
Bilbo
2011ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Bideo jokoen munduko inoizko pertsonaiarik arrakastatsuena, Super Mario, Donkey Kong izeneko jokoan azaldu zen lehenengo aldiz, 1981. urtean. Bibotedunak, alabaina, Jumpman izena zuen orduan, eta bere abenturan, gorila handi batek jaurtitzen zizkion upelak saihestu behar zituen, Peach printzesa salbatzeko. Hala sortu zuen Shigeru Miyamotok Donkey Kong pertsonaia ere, gaizkile gisa hasiera batean; baina, denborarekin, 90eko hamarkadako jokorik gogoangarrienetariko bateko heroia bilakatu zen.

Super Nintendo merkatuan nagusi zen garaian eta Sonyk bere Playstation kontsola kaleratu baino urtebete lehenago,Donkey Kong Country izeneko joko bikaina sortu zuen 1994an Rare konpainiak Nintendorentzat. Oihanaren testuinguruan, Marioren aurkari izandakoak plataformak irauli zituen. Besteak beste, puntako grafikoak, musika eta soinu efektuei esker.

Abentura hori sortu zenetik hamabost urte baino gehiago igaro ondoren, Miyamotok gorila ospetsua berreskuratzea erabaki du, Wii kontsolarako bertsio batekin. Nintendoren beste pertsonaia garrantzitsu baten abenturak —Metroid bildumako Samus Aranenak— kontsola zuriarentzat gaurkotu dituen taldeari proposatu zion, Retro taldeari, eta hark gustura hartu zuen Donkey Kong Country Returnsgaratzea.

New Super Mario Brosberria bezala, 2D plataformak indarrean daudela erakustera dator gorilaren jokoa. Gainera, iturginaren erronka berrian bezala, abentura bakarrik edo beste jokalariren baten laguntzarekin igaro daiteke. Bigarren jokalariak Diddy Kong-en rola izango du eta adiskidea baino arinagoa izango da. Plataforma guztietan bezala, jauziak izango dira lanabes nagusiak, baina Wiimote agintea astintzea ezinbestekoa da gorilek hainbeste atsegin dituzten bananak lortu edota kontrarioak txikitzeko. Jokalari trebeek zein hasiberriek gustura har dezaketen abentura bat da hau, une zailak dituen arren, jokoak berak askotariko laguntzak ematen dituelako: jokalariak gainditu ezin duen tartea sistemak gainditzeko aukera eta bizitza gehigarriak, adibidez.

Donkey Kong xelebrearen proposamena hau ederki hartuko dute 90eko hamarkadako jokalariek bereziki eta egungo plataforma zaleek oro har.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.