Mikel Garmendiak bikoizketa lanak egiten zituen lehen, eta, denbora gutxian, mundu mailako kirolari bihurtu da. Hockeyan, eskian, lasterketan, bizikletan eta igeriketan zenbait modalitate praktikatu izan ditu. Errepideko istripu baten ondorioz, hanka bat ebaki zioten. Bi urteren buruan, Espainiako triatloi egokituko eta Europako duatloi egokituko txapeldun izatera iritsi da. Salto Bera Bera saskibaloi taldean ere aritzen da.
Betidanik gustatu izan zaio kirola egitea. Denetarik egin izan du. Gertatua gainditzeko ere kirola hautatu zuen irtenbide gisa. Eskiatzeari ekin zion hasieran, eta Espainiako Txapeldun izan zen. Ondoren, triatloiean hasi zen.
Duela bi hilabete, triatloi egokituko 2016ko Olinpiar Jokoetara sartuko dela onartu zuten. Bertan parte hartu ahal izateko gogor ari da lanean Garmendia. Oraingoz, iaz Europako txapeldun izan zen duatloiean, eta munduko bigarrena; triatloiean, seigarren postua lortu zuen Europan. Mundu mailako lasterketan, berriz, zortzigarren postua lortu zuen.
Aurrera begira ilusioz begiratzen du bere ibilbidea, baina atzera begira jarrita, hastapenak gogorrak izan zirela gogoratzen du: «Zauriak egiten zizkidan hanka ortopedikoak. Izaera oso buru gogorrekoa naiz, eta puntua harrapatu arte hor ibili naiz. Hanka indartzeko egin didaten azken ebakuntza dela eta, azal fina nuen, eta infiltrazio batzuen bidez, azala gogortzea lortu dut. Oso kontentu nago daukadan sasoiarekin».
Salto Bera Bera taldeko jokalaria ere bada donostiarra. Aurtengo denboraldia «oso ongi» daramate jokalariek. Lehen postuan daude, mailaz igotzeko lehia gogorrean. Saskibaloi taldearekin izan zen Garmendia ere Illunbeko ekitaldian: «Lanean ari garela plazaratzeko onuragarriak izaten dira Illunbeko egitasmoaren modukoak. Egia da lehen ematen zen gaixo baztertuen irudia zahartua geratu dela. Istripu baten ondorioz egoera honetan nago, baina hori atzean geratu da. Nire egoerara egokitzeko lan egin behar dut, inori penarik eman gabe. Kontrako irudia zabaldu nahiko nuke. Kirola gustatzen zait, eta nagoen egoeraren araberako baldintzetara egokituz, kirola egiten jarraituko dut ahal dudan arte».
Mikel Garmendia. Saskibaloi jokalaria
«Nire egoerara egokitzeko lan egin behar dut»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu