Ekologista gisa ezaguna da Zuberoan, urte batzuetan Mauleko hautetsia izan baitzen. Politika utzi zuenetik, bi ofizioren artean partekatzen du bere denbora: Astobelarra argitaletxeko langilea da, eta XIX. mendeko ordulariak konpontzen ditu.
Astobelarra argitaletxearen sortzaile izan zinen. Nola joan zaizue orain arte?
2006an sortu genuen lagun batek eta nik. Nik editore bat bilatzen nuen ene liburu bat argitaratzeko (Pensements). Ez nuen atzeman, eta lagun bati galdetu nion prest zitekeenez laguntzeko argitaratzen. Baietz erran zidan, eta literaturazalea denez pentsatu zuen ondotik beste liburu bat ere argitaratzea. Hola hasi zen. Noizean behin pultsio artistikoak segitzen ditugu, errentagarritasunari kasu handiegirik egin gabe. Liburu batzuk ongi saltzen dira, beste batzuk gutiago, baina mantentzen gara. Arriskuak hartzen ditugu oraindik ere, besteek argitaratzen ez dituzten liburuak argitaratuz.
Euskarazko liburuak argitaratzea hasierako hautua izan zen?
Bai, gure filosofiaren parte da aniztasuna sustatzea, maila guztietan. Are gehiago aniztasuna arriskuan delarik. Euskaraz eta, oraino gehiago, zubereraz publikatzea desafio bat da, idazle eta irakurle gutxi direlako, baina bagoaz haien bila. Astobelarrak nortasuna finkatu du posizio argi bat hartuz, gelditzen dena salbatzeko nahiarekin, berant baino lehen.
Ekologista zara, baina Zuberoan ideia berekoak gutxi dira, plaza publikoan bederen. Bazterrekoa sentitzen zara?
Iduri zait gure betebeharra dela hori defendatzea. Iduri zait beste inork ez duela egiten. Natura eta kultura arteko lotura oso garrantzitsua da guretzat. Zuberoan gutiengoan izatea ez zaigu anitz inporta. Saiatzen naiz ahalik eta gutxien amore ematen ene ideiak plazaratzeko idazten dudanean.
Berdeak alderdiarekin identifikatzen duzu zeure burua? Garai batean hautetsi ekologista izan zinen...
Alderdian izan nintzen garai batean, orain ez. Sinesten nuen zerbait egin nezakeela politikaren bidez. Niretzat garrantzitsua lekuko engaiamendua da, eta ez nuen gehiago loturarik lekuko ekologistekin, ez nuen kausitzen Zuberoan ekologista talde bat sortzea... Gainera, ez dut uste politikarako gaitasunak ditudala. Aldiz, Astobelarraz arduratzeko gaitasunak baditudala uste dut, eta horren bidez ideia ekologikoak pasarazten ahal ditudala.
Alta, ikusirik AHT bezalako xedeak, pentsa daiteke ekologista batentzat momentu garrantzitsua dela...
Badira ari direnak. Ari naiz liburu bat irakurtzen behin eta berriz birlokalizazioa aipatzen duena. Zentzuzkoa da. Neurrigabeko xedeak (autobide, AHT eta beste...) baztertu, eta lekuan lekuko ekoizpenak sustatu behar dira. Ekologistek 60ko hamarkadatik aipatzen dute hori. Astobelarrarekin liburu berri bat plazaratuko dugu laster, osteopata batek idatzia, sistema honek osasunean dituen ondorioak aipatzen dituena.
Mitikilen (Zuberoa) ere, Ipar Euskal Herri osoan bezala, borrokatu zineten wimax sistemaren kontra —kablea ezin zela denetara iritsi eta Kontseilu Orokorrak uhin bidez ezarri nahi zuen Internet—.
Azkenean, dirua ezarri dute kablea instalatzeko denetan; bitxia da, kolpez, hola! Arduradun politikoek erraten ziguten ezinezkoa zela, garestiegi zela eta, beharbada, 20 urteren buruan eginen zela. Teknikariek ere hori erraten ziguten, baina kolpez posible izan da. Uste dut, pertsonalki, irabazteko inpresioa utzi didan borroka bakarra izan dela; gas bidearena galdu genuen, Somporteko tunelarena ere ezagutu izan nuen... Baina ez da oraino irabazia, Mitikilen badugu, eta nahiz eta departamendu osorako hitzeman duten hori, norbaitek oroitarazi beharko die haien promesa.
Astobelarran lanaldi erdian lan egiten duzu, eta ordulari zaharrak konpontzen dituzu, bestalde. Ikearen garaian bada lekua horrelako ofizio batentzat?
Zintzoki errateko, ez doakit ontsa. Erresistentzian diren laborariak bezalakoa naiz. Bizitzeko eta lan egiteko manera bat xehatzen ari den sistema ekonomiko bati erresistitzen ari naiz. Arte munduko artisauak gero eta gutxiago dira. Gainera nik ez dut kontraturik ukaten ahal estatuarekin... langile bezeroekin lan egiten dut. Ez da gehiago ordulari herrikoirik egiten, edo pilekin egiten dira, edo zinez garestiak direnak. Azkenean, jendeak ez daki gehiago zergatik artisau baten lana garestiago den. Orain bada artisautzaren industria bat, laborantzan baden bezala.
Beharbada, diferentzia da laborariek, gutxi bada gutxi, laguntzak badituztela?
Nahi nituzke nik ere! Nik arte mailako artisautza egiten dut, eta jatea behar bat da, ordulari zahar bat konpontzea ez. Horretarako, 2060. urtea itxoin dezakete, baina nik ez dut uste.
Laurent Caudine
«Niretzat garrantzitsua lekuko engaiamendua da»
Bi ofizio ditu mitikiltarrak; sortu zuen Astobelarra argitaletxeko langilea da, batetik, eta XIX. mendeko ordulari konpontzailea, bestetik. Azken ofizio horri ez dio etorkizun handirik ikusten. Liburuetan, berriz, bere ideiak hedatzeko esperantza du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu