Santiago Valenzuela. Komikigilea

«Nobela grafikoa ez dela komikia uste izatea pentsaera okerra da»

Lander Muñagorri Garmendia.
Getxo
2011ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
1990eko hamarkadan Jarabe izeneko fanzinean aritu zen Santiago Valenzuela komikigilea (Donostia) lehen argitalpenak argitaratzen. Bertan argitaratu zen lehen aldizharen pertsonaia ezaguna, Capitan Torrezno, baina tarteka agertzen zen. Hari eskainitako lehen liburua 2002an argitaratu zuen, eta, orduz geroztik, zazpi ale plazaratu ditu. 2010ean argitaratu zuen saileko azken alea, Plaza elíptica izenarekin, eta lan horregatik 2011ko Espainiako Komiki Sari Nazionala eskuratu zuen. Lehiaketa hori 2007an sortu zenetik, lehen euskal herritarra da saria lortzen. Atzo izan zen Getxon liburuak sinatzen.

Nola definituko zenuke Torrezno kapitainaren saga?

Errealismo eta fantasia nahasketa bat da, umore beltzaren printzarekin. Madrilgo kale bateko ganbaran kokatuta dagoen mundu fantastiko bat da; haren sortzailea nazkatuta dagoen funtzionario bat da. Horregatik da errealismo eta fantasia arteko nahasketa.

Azken argitalpenarekin, ordea, aldaketa bat egon da istorioan...

Bai, lehen sei liburuak DNI izeneko mundu txiki batean kokatuta zeuden, baina leku horrekin apur bat gogaituta nengoen, eta orduan agertokia aldatu diot. Pertsonaiak berak dira oraindik, hala ere.

Saga honekin autore komikietako egile berritzat jo zaituzte askok.

Baina komiki guztiek daukate autore bat.

Baina genero moduan, ez al da izan autore komikigintzaren birsortze baten modukoa?

Bai, alde horretatik bai. Europan, 70eko hamarkadan sortu zen era horretako korronte bat, non komikigintza publiko heldu batengana iritsi zen. Egile ezagun ugari sartu ziren genero horretan, eta bazirudien komikigintzak korronte artistikoari helduko ziola. Gurera korronte hori berandu iritsi zen, 80ko hamarkada inguruan. Baina denborarekin ez zen behar bezala sendotu, nahiz eta kioskoetako komikiak egon bazeuden. Liburuen argitalpena nabarmenki murriztu zen, harik eta 1990 eta 2000ko hamarkada hasieran ia desagertzera ere iritsi zen arte. Baina duela bost urte ingurutik indarra berreskuratzen ari da genero hori.

Nobela grafikoa terminoak lagundu duela iruditzen zaizu?

Nik uste etiketa moduan balio izan duela. Edozein modutan, orain komikirik ez dagoela pentsatzea okerra da, nobela grafikoa komikia baita. Kontakizun pertsonalagoa izan daiteke, kutsu literario gehiago duena, eta horregatik jarri diote nobela hitza definitzeko garaian. Baina komiki izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.