Osasuna. Medikuntza

Nola indartu zure oroimena eta adimena

Adimentsu izatea ez da soilik gizaki bakoitzak jaiotzez izan dezakeen ezaugarria. Gaitasun intelektualak ahalik eta gehien aprobetxatzeko, ondo elikatu behar da eta hainbat trebatze ariketa eta ohitura jarraitu behar dira.

2011ko urriaren 11
00:00
Entzun
Gizakia betidanik kezkatu izan du ondorengo galderak: pertsona adimentsuak jaio egiten dira, edo adimendun bilakatzen dira euren bizitzan? Adituek diotenez, bi aukerak dira zuzenak. Pertsona batek garun bikaina jaso dezake oinordetzan gurasoengandik, neurotransmisoreen sare zabalarekin, baina, ez badu makina hori behar bezala entrenatzen, litekeena da probetxu gutxi ateratzea. Eta alderantziz, maila intelektual estandarreko pertsona batek emaitza bikainak eta puntuazio oso altuak lor ditzake, jakin-minak bultzatuta irakurri, ikasi eta behar bezala prestatuz gero. Gakoa da, beraz, gure garuna trebatzea eta bere potentzialik handiena eman dezala lortzea.

Gure gaitasunak ahalik eta gehien aprobetxatzea

Aurrera jarraitu aurretik, komeni da adimena zer den argi eta garbi esatea. Adituen ustez, pertsona bati bizi den girora hobeto egokitzen lagunduko dioten gaitasun eta abilezia multzo gisa defini daiteke adimena. Eta berriro ere, arazo berarekin egiten dugu topo: ez da aski potentzial handiko garuna edukitzea, ondo erabiltzen jakitea ere ezinbestekoa baita. Ikus ditzagun, bada, garuna modu egokian erabili ahal izateko jarraitu beharreko pauso nagusiak:

•Esperientzia berriak bizi. Adimena garatzeko, garrantzi handikoa da etengabe informazio berriarekin elikatzea. Berrikuntzek dopamina izeneko hormona baten ekoizpena bultzatzen dute, eta substantzia hori oso lotua dago ikaskuntzarekin eta oroimenarekin. Oraintsu argitaratu den ikerketa batean frogatu dute, adibidez, sarritan bidaiatzen duten pertsonak argiagoak eta adimentsuagoak izan ohi direla. Eta eragin bertsua lor omen daiteke kultur ibilaldi edo bisitak eginez. Informazioa eskaintzen duen orok zabaldu egiten du gure garunak ikasteko duen gaitasuna edo ahalmena .

•Etengabe ikasi. Ez dago garuna sasoian mantentzeko modu hoberik. Garuna trebatu eta erabili egin behar da, etengabe; eta horretarako, erronka berriak jarri behar dizkiogu geure buruari. Musika tresna bat jotzen edo hizkuntza berriren bat ikastea, esaterako; edo poemak edo bakoitzaren gustuen arabera interesgarriak izan daitezkeen gauzak buruz ikastea.

•Gizartekoiagoak izan. Adiskideekin eta senideekin harremanak estutzea, ideiak elkar trukatzea, eta, batez ere, horien maitasuna eta afektua jasotzea nahiz haiei ematea izango da gure kultur ikusmugak hedatzeko modurik zuzenena. Gizarte sare zabal baten partaide izateak emango digun segurtasuna da gure garunarentzako elikagairik onena.

•Bizi-aztura on batzuk izan. Badira, aurreko gomendioez gain, osasun fisiko nahiz intelektual egokiari eusten lagunduko dizkiguten beste hainbat kontu ere, zaindu eta bete beharrekoak direnak: ondo elikatu, lotarako arauzko zortzi orduak hartu eta estresa kontrolatu (erlaxatzeko ariketekin edo gogokoak dituzun zaletasunekin).

Garuna trebatzeko eta entrenatzeko

Gorputzarentzat gimnastika saioak proposatzen diren bezalaxe, bada adimenarentzako gimnastika berezi bat ere. Ariketa sinple batzuk eskaintzen dizkizugu jarraian, zure ahalmen intelektualei sasoian iraunararazteko.

•Mundua alderantzikatu. Gure bizimoduak errutinazkoak bihurtzen dira urteen eta ohituren poderioz. Monotoniak, beti gauza berdintsuak egiteak, adimena lokartzen du, eta hori esnatzeko modurik onena gauzak beste modu batera egitea litzateke: hortzak beste eskuarekin garbitu; lanera bide «berri» batetik joan; lagunekin asteburuan irten ordez, saiatu astegun buruzuri batean...

•Jolasak, denbora-pasak. Kartetan edo xakean aritzea, sudokuak, hitz gurutzatuak edo letra-zopak egitea... egunero-egunero gainditu daitezkeen erronka txiki horiek neuronen arteko interkonexioak zabaldu eta sendotuko dituzte. Hortxe dago adimenaren jatorria.

•Kalkuluak buruz. Bota kalkulagailua zakarrontzira. Erosketak egitera goazenean, edo eguneroko bizimoduko beste kalkuluren bat egin behar duzunean, uxatu buruko nagikeria eta saia zaitez beharrezkoak diren eragiketa matematiko horiek zure kabuz egiten, tresnaren laguntzarik gabe, alegia.

•Irakurketa aktiboa. Egunkaria, liburu bat edo gogoko duzun aldizkaria irakurtzerakoan, saia zaitez benetan interesgarri gertatu zaizun testu bat memorizatzen eta segidan errepikatzen. Ez errepikatu jatorrizkoan zegoen bezala. Zure hitz propioak erabili, eta kontzeptu nagusiak lehenetsi.

•Atzerako kontua. Zifra jakin batetik abiatuz (50etik, esaterako), saia zaitez atzerako kontua egiten, 1 zenbakiraino iritsi arte. Errepikatu ezazu ariketa hori egunero, gero eta zifra altuagoetatik abiatuz. Ahal izanez gero, egunetik egunera azkarrago jardun.

•Airean marraztu. Irudika itzazu buruz grafiko ezagun batzuk (letrak, infinituaren sinboloa, izarrak edo konstelazioak, elementu kimikoen sinboloak, edo bestelakoak). Errazago gertatuz gero, airean ere «marraztu» ditzakezu, hatz erakuslea baliatuz horretarako.

•Egunero, esaldi bat memorizatu. Apunta itzazu esaldi politak, edo euskal esaera zaharrak paper batean, eta saia zaitez horiek gogoratzen (horretarako, noizean behin begiratu bat eman beharko diezu). Oroimena zabalduko duzu, baita zure kultura maila ere.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.