Osasuna. Adimen emozionala

Nola motibatu gure seme-alabak?

Jon Berastegi.
2011ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Seme-alabek jarrera egokia agertzen dutenean, sari materiala ematen diegu sarritan guraso askok, eta hori ez da egokia.

Hiru motibazio mota daude: motibazio materiala, soziala eta berezkoa. Jarrera baten truke sari bat jaso ahal izateko zerbait egiten dugunean agertzen da motibazio materiala. Motibazio soziala, berriz, beste pertsona batzuekin egoteko edo inguratzen gaituztenen onespena eta mirespena lortzeko. Zerbait egiteak sorrarazten digun poztasuna sentitzeko zerbait egiten dugunean, berriz, motibazio berezkoaz ari gara.

Gure seme-alabak motibatzeaz ari garenean, motibazio berezkoaz ari gara. Haurrak bere kabuz zerbait egiten duenean, eta, hori egin ondoren, ondo eta harro sentitzen denean, orduan gauza hori egiteko motibazioa izango du. Egin nahi duelako egingo du.

Motibazio sozialaren bitartez garatu ahal izango du motibazio berezkoa haurrak. Izan ere, umeek, jarrera egokia dutenean, besteen onespena lortu ohi dute.

Motibazio materiala, ordea, lortu nahi dugun helburutik urrun dago, izan ere, modu horretan motibatutako haurrek trukean zerbait lortzeko egiten dituzte gauzak, ez ondo sentitzen direlako edo besteei atsegin emateko. Gurasook motibazio mota hori alde batera uzten dugunean, seme-alabek hori egiteari uzten diote. Beraz, haurrek jarrera ona izatea nahi badugu, ez dugu eragingarri materialaren bitartez lortuko.

Hala ere, zenbaitetan sari materialak baliagarriak izan daitezke. Adibidez, ume batek gauza jakin bat egiteari uzten badio huts egin duela uste duelako, orduan motibazio materiala erabili ohi da, bere arreta desbideratzeko eta objektu batean arreta jar dezan. Kasu horietan, ezinbestekoa da saria ona izatea, hots, haurrak benetan hori nahi izatea. Saria lortu ondoren, haurrak ulertu behar du gauza hori egiteko gai dela, eta modu horretan, autoestimuaren eta motibazio berezkoaren haziak landatuko ditugu.

Beste batzuetan ere egokia izan daiteke konpentsazio materiala erabiltzea: esate baterako, gurasoak ziur daudenean haurrak jarrera egokia bereganatu duela eta motibazio berezkoa gailenduko dela. Errefortzu materiala erabiltzen denean, poliki-poliki errefortzu hori alde batera utzi beharra dago, hain zuzen ere, haurrak arrakasta eta sentimendu positiboak izaten dituen heinean. Hori kontuan hartuta, garrantzitsua da azpimarratzea errefortzu materiala azkeneko errekurtsoa izango dela, eta ez hasiera batetik erabiliko dugun baliabidea.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.