Nolako bidea, halako urratsa

2.100 kilometro luzeko bidea osatzen dute Nafarroan mendietako bidexkek, eta hiru multzotan banatzen dituzte; ibilbide luzekoak, laburrekoak eta lokalak.

Mendizale batzuk, Basaburua bailaran mendian txangoa egiten. MENDI ETA ESKALADA KIROLEN FEDERAZIOA.
Inigo Astiz
Iruñea
2011ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Argia da esaera: gustuko aldapan, nekerik ez. Eta mendizaletasunaren kasua ez da salbuespena. Bere preferentziak izaten ditu norberak hor ere, eta, horregatik, norberaren neurriko bideak aukeratzea da txangoaz gozatzeko biderik onena. Bada non aukeratu. Nafarroan, 2.100 kilometro luze dira mendiko bidexka guztiak. Hiru multzotan daude sailkatuta: ibilbide luzekoak (GR), ibilbide laburrekoak (PR) eta bide lokalak (SL). Bakoitzeko adibide bana ageri da ondoren.

1. Iruñerriko itzulia

Egun bat baino gehiago behar izaten da ibilbide luzeko bide bat burutu ahal izateko, eta hori da Iruñerriko itzulia izeneko mendi bidexkaren kasua ere. GR 220 da haren izen ofiziala. Iruñearen inguruan ematen du itzulia, eta 113,6 kilometro da luze. Sei etapatan egiteko dago pentsatuta. Nahiko ibilbide berria da, berez, urteurren baten karietara sortutakoa. Egungo Mendi eta Eskalada Kirolen Nafarroako Federazioaren hazia izandako Alpinismo Federazio Euskal-Nafarra izenekoaren 75. urteurrenean sortu zuten.

Iruñeko arroari ematen dio buelta, eta jendeari hiritik ikusten diren mendiez gozatzeko aukera ematea da haren xedea. Muinoak eta magalak gurutzatzen ditu, eta oso paisaia ezberdinak ikusteko aukera ematen dio mendizaleari. Gune menditsuetatik Iruñerria ikus daiteke, eta bertan baso atlantikoez, artadi mediterraneoez eta espresuki laborearentzako alorren ikuspegiaz goza liteke. Beriain, Berriobeiti, Uharte eta Beraskoain dira ibilbidetik gertu diren herrietariko batzuk.

2. Borden ibilbidea

Ibilbide tematikoa da, kasik, arbizuarren ekimenez sorturiko Borden ibilbidea izenekoa. PR-Na 135 da haren izen ofiziala. Ibilbide laburreko bidexka bat da, eta, berez, 50 kilometro baino gutxiagokoa. 13,35 ditu, zehazki, eta bost ordu eta erdian egin liteke, gutxi gorabehera. Zirkularra da, herri inguruan hasi eta herri inguruan bukatzen dena, eta 600 metroko desnibela du. Arbizuk iparraldean dituen lau bordatara heltzen da bidea, Aralar mendizerran. Sandindegi, Herriaren Borda, Artabakarkoa eta Mezeriaingo bordak dira mendizaleak bisitatzen dituenak. Garai batean abereak udako beroz eta neguko hotzaz babesteko erabiltzen ziren borda horiek.

3. Urdazubiko txangoa

Ez da bide luzea, baina bai ederra. Bi ordu eta erdi behar dira, gutxi gorabehera, Udazubitik Otsondottikirainoko joan-etorriko bidea egiteko. SL NA-15 da bidearen izen ofiziala, eta 9,15 kilometroko luzera du. Ugarana ibaia, Baztango Done Jakue bidearen zati bat eta Ikatzateko Borda dira mendizaleak ikusi ahal izango dituenetariko batzuk. Iturri batekin ere topo egingo du mendizaleak. Herriko landetxeek egiten dituzte bidearen garbiketa eta zaintza lanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.