Hamabost bat laguneko pirata talde bat iritsi zen atzo Donostiako portura. Ez ziren hangoak, oso urrunekoak baizik. Oso nekatuta zeuden, eta logura ziren. Arazo bat zuten, ordea; nola babestu euren altxorra lo egiten zuten bitartean? Lurrean etzan ziren zirkulu bat osatuz, eta erdian ipini zuten euren altxor preziatua: maleta bat. Lotan zeudela, lapur maltzur bat hurbildu, eta altxorra ostu zien; ondoren, ziztu bizian alde egin zuen.
Antzerki horrekin eman zioten hasiera Altxorraren Bila jolasari Auskalo taldekoek, haurrentzat jolasa errealitate bilakatuz.
Haurrek lapurreta jarraitu zuten, eta piratek lotan jarraitzen zutela ikusita, oihuka esnatu zituzten. Piratak urrunekoak zirenez, ez zekiten nora jo. Umeak, borondate osoz, haiei laguntzera prestatu ziren. Lana azkarrago egiteko, bi taldetan banatu ziren. Altxorra aurkitzeko pista batzuk zituzten, eta horiek jarraituz kaian batera eta bestera ibili ziren.
Pistak eskuratzeko hainbat proba gainditu behar zituzten altxorra aurkitzeko: ile kordak egin, piraten istorioak entzun, bonbillak zenbatu, kantu jolasa egin, arrantzan aritu eta Donostiarekin lotutako postalak marraztu, besteak beste.
Gogor eta azkar aritu ziren lanean pistak argitzeko, eta, azkenean, aurkitu zuten urruneko pirata taldearen altxorra. Gogotsu zabaldu zuten maleta txikiek. Barruan urrea zegoen, urrezko txanponak. Piratak gustura zeuden, eta are gehiago haurrak; txanponek urre kolorea zuten gainean, baina, azpian, txokolate gozoa zegoen.
Arratsalde dibertigarri eta neketsuaren ostean, ondo merezitako merienda ederra egin zuten txikiek. Gainera, altxorra topatu ostean, txokolate jana egin zuten.
Donostiako Aste Nagusia. La Flamenka
«Non da gure altxorra?»
Auskalo taldekoek antzerki batekin hasi dute 'Altxorraren Bila' jolasa, eta haurrak benetako pirata sentitu diraAltxorra aurkitzeko zazpi proba gainditu behar izan dituzte txikiek portuan zehar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu