Izkirak hiru eurotan eta karrakelak bitan saltzen ditu Mari Karmenek, kaiko kantoi batean. «Bonjour», esan dio bi seme-alabaren aita batek. Bonjour erantzun, eta frantses duin batean azaldu dio paperezko kukurutxoa betetzea zenbatean dagoen. Izkirak eta karrakelak, bietatik eraman du familiak, eta kaian barrena abiatu dira begira-begira.
La Flamenka ez baita edozer gauza. Agertoki nagusia eta txosna lasai daude goizean, baina gaueko bekatu guztiak suma daitezke oraindik. Haurren txanda da orain, eta jadanik Aratz Trecet eta beste hainbat pirata —denak, emakumeak— haurren jolasak prestatzen ari dira.
Kaia ez da garai batekoa. Ez da soilik arrantzaleena. Ia betidanik partekatu behar izan dute moila turistekin, baina azkenaldi honetan handitu egin da emaria. Gutxi batzuk Gure Aita Joxe-ri begira daude: ontzi berdea lasai dago uraren gainean, kulunka ahul batean. Kanaberak zutik dauzka, ongi amarraturik hegaluzetara joateko. «Aurten penagarri doa kontua», esan du arrantzale erretiratu batek, imintzio ezatsegin batez. Itsasgizonek ez diote kasurik egiten joan-etorrian dabiltzan bisitariei. Nolabait baimena ematen diete euren etxean sartzeko.
Souvenirs San Sebastian denda da turisten jomugetako bat; Anak oihal pirata guztiak saldu ditu egunotan. «Atzo eraman zuten azkena», dio, pozik. Zapiak, donostiarrentzat; gainontzeko gaiak, kanpotarrentzat. Dantzariz jantzitako neska-mutilen miniaturak saldu berri ditu Anak. «Denetarik eramaten dute hauek», dio, Madrilgoak omen diren bi emakume heldu seinalatuz. «Beti presaz dabiltza. Edozer gauza hartu, eta badoaz».
Bisigua, 65 eurotan
Arrantzale erretiratuen taldea berean dago, mantso hitz egiten. Ikusi gabe begiratzen diete San Sebastian, Mariñela eta kaiko beste jatetxe tipikoetako zerbitzariei. Mahaiak prestatzen ari dira bazkaritarako. Paella anoa, 13 eurotan, eta bisigua, birentzat, 65etan. Donostia tipikoan sabela betetzeak ajea uzten du patrikan.
Amuko arrain freskoa iragartzen dute toldoetan. Txosnetan antxoa edota hegaluzea inork ez ditu topatuko gauean; legatzak akaso bai, fresko-freskoak. Baina La Flamenkaren arautegia argia da, inor nahas ez dadin. Pankarta handi batek dio: «Ez da jarrera sexistarik edo homofoborik onartuko». Eta, gainera, arrantzaleekin ongi konpontzea komeni denez, «ez lapurtu paleak; arrantzaleenak dira» idatzi dute hizki handiz.
Alemana dirudien hizkuntza batean ari den familia bat Ontzi Museoaren Baleazaleak erakusketaren afixari begira dago, askorik ulertu gabe. Su festa badiatik ikusi nahi dute kosta ahala kosta. Turistentzako gidaliburuan hizki larriz irakurri dute, nonbait, eta zain daude Unico barco autorizado, especial fuegos (Baimendutako ontzi bakarra, irteera berezia suetara) jartzen duen etxolan, txartelak erosteko. Hainbeste ulertu dute. Helduak zortzi euro, haurrak lau. Gaueko hamarrak eta laurden arte hamar ordu inguru oraindik. Ez dio axolarik; Aste Nagusian bada zer ikusi.
Haizeak musika dakar kaira. Nautikoaren alboko barrakak martxan jarri dituzte dagoeneko. Bulebarreko puzgarrietan badira haurrak. Piraten eskaintza nahiago dute beste batzuek, eta La Flamenkaren mahaiak bete egin dira, margotzeko eta beste jolas batzuetarako. Jator ari dira gaztetxoak, gurasoen laguntzaz. Espainiako Itsas Komandantziaren bandera ere astintzen du goizeko haizeak. Handik gertu, ongi tenkaturik dago kaiko pankartarik handiena, haizeak kalte egin ez diezaion: «Euskaraz bizi nahi dut».
Donostiako Aste Nagusia. Irutxulo baino gehiago
Nora joan dira denak?
Donostiako kaia La Flamenka da orain. Turistak, hala ere, ausartzen dira piraten lurraldean sartzen goizean; gautxori gehienak joan, eta haurrak dira nagusi Donostiako oroigarrien eta karrakelen erresuman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu