Komunikatzeko beharrak sortu zituen, bi alderen arteko hartu- eman premiak. Elkargune eta lotura gisa funtzionatzen dute geroztik, eta ezinbesteko bilakatu dira. Mundua ezin da ulertu zubirik gabe. Herrien hazkunde eta bilakaeran eragin duten zubi materialek bezainbesteko garrantzia dute ukiezinak diren zubiek, pertsonen artean egunero eraikitzen direnek. Munduko potentzien arteko lehian, herrilanek garrantzi handia dute, eta zubiak botere sinbolo bilakatu dira. Orain dela hiru aste inauguratu zuten munduko itsaso gaineko zubirik luzeena, Txinan. Qingdao itsasertzeko hirian eraiki dute eta 36,48 kilometro luze da. Jiazhou badia zeharkatzeko baliatuko dute herritarrek zubia, erdigunetik Huangdao auzora joateko. Euskal Herrian ere badaude nortasun bereziko zubiak.
Iñaki Uriarte arkitektoak azaldu duenez, gizateriaren asmakuntzarik zaharrena da zubia. «Gizakiak bidean aurkitzen zituen oztopoak gainditzeko sortu ziren zubiak. Amildegi edo errekaren bat zeharkatu nahi zuenean eraikitzen ziren, beharrak bultzatuta». Jendeak ikusteko lekuan egiten badira, garrantzi handiagoa hartzen dute, gainera. Horregatik, hirietako zubiek oroimen kolektiboan iltzatuta geratzeko aukera handiagoa dutela dio, mendian erdi ezkutuan daudenek baino. «Zubiek indar handia dute hiriak identifikatzeko orduan. New York esanda, Brooklyngo zubia etortzen da berehala burura».
Bilakaera handia izan dute zubiek. Hasieran harriarekin edo egurrarekin egiten ziren, eta denborarekin erresistentzia handiagoko materialak erabiltzen hasi ziren: altzairua edo betoia. Gaur egun, denetariko zubiak daude. Arruntenak oinezkoentzat edo autoen joan-etorrientzat eraikitzen dira, baina trenarentzat, uraren edo gasaren ubideak edo itsas zirkulaziorako ere diseinatzen dira. Euskal Herriko zubiak ongi ezagutzen ditu Uriartek, Bilbo ingurukoak batez ere. Bilboko itsasadarrean bisita gidatuak egiten ditu, eta Bilboko itsas portuko ondare industrialaren defendatzaile sutsua da. Hiriaren jatorriarekin lotuta dagoen zubia San Anton dela dio. Portuko jarduerak itsasadarrean behera eginez joan ahala eraiki ziren gainontzeko zubiak Bilbon, beharrak bultzatuta, Zazpikaleetatik hasi eta Deusturaino. «Zubirik zaharrenak berreraikita daude. 36ko gerraren ondorioz, 1937ko uztailaren 17an zubi guztiak suntsitu zituzten nazionalek».
San Antongo zubiaz gain, Deustuko zubia ere oso berezia dela esan du Uriartek. Gaur egun egokitze lanetan dihardute hor. «Chicagoko (AEB) zubietan oinarrituta eraiki zuten. Lanak amaitzen dituztenean, itsasontziak pasatzeko aukera egongo da berriz. Egun zehatz eta sinbolikoetan altxatu egingo da; Deustuko eta Euskal Herriko unibertsitateetako ingeniarien arteko estropadetan, esaterako». Salbeko zubia ere ekarri du gogora, zeina Guggenheim museoaren alboan dagoen. Museoaren hamargarren urteurrena ospatzeko Daniel Burenek zubiari atxikitako formika itxurako atearen inguruan ez du batere iritzi onik. «Koloretako arrunkeria da hori. Guggenheim eta zubia desitxuratu egin ditu, eta oreka estetikoa erabat apurtu du».
Bilbotik irtenda, Bizkaiko Zubia nabarmendu du. Gizateriaren ondare izendatuta dago, eta munduko lehen zubi-transbordadorea izan zen. Gisa horretako hogei bakarrik egin dira. «Gaur egun, zortzi bakarrik geratzen dira eta eguneko 24 orduetan funtzionatzen duen bakarra da». Kritiko azaldu da, hala ere, ez baita behar bezala zaindu: «Sarrerak saltzeko leihatilaren ondoan oroigarri turistikoak dituen saltokiak daude. Oker larria izan da kolore gorrixka horrekin margotzea. Dotorezia eta maisutasuna galdu ditu, eta objektu turistiko bilakatu da».
Zubiak hiriko historiaren isla dira. Iragan ezberdina izanik, Bilboko eta Donostiako zubien artean alde nabarmenak daudela azaldu du arkitektoak. «Bilbon portuko beharrei erantzuteko sortu ziren. Lehentasuna itsas garraioa ahalbidetzea zen, eta, horretarako, altxatu eta mugitu ahal izatekoak izan behar zuten. Donostian, aldiz, ez zegoen itsas jarduerarik Urumean. Zubiak ez ziren, beraz, itsasontziak pasatzeko eraiki behar. Horregatik, Donostiako zubiak kaleen maila berean daude, eta Bilbokoak, berriz, altueran». Altxatu behar ez direnez, gehiago apaindu daitezke: «Donostiako zubiek Parisko estiloaren zantzuak dituzte, Bilbokoak askoz ere funtzionalagoak dira. Kursaaleko zubian, esaterako, kaleargiek xarma berezia ematen diote zubiari; izkina batean Viktoria Eugenia eta Kursaala dituela. Oso giro berezia sortzen da».
Lapurdin, Baiona eta Donibane Garazi azpimarratu ditu. Baionan Aturri zeharkatzen duen Izpiritu Sainduaren zubiak Euskal Herriaren «amaiera irudikatzen du» eta bertatik ibaiaren eremu «zabal bat» ikusteko aukera dago. «Tuterako zubiaren antza du». Donibane Garazin, Donejakue bidea pasatzen da zubitik. «Erreka gaineko zubietan, zerrenda luzea egin daiteke, Castejongo (Nafarroa) autopistaren gainekoa, Goizueta eta Lesakakoa eta beste hainbat daude. Sakonuneen gainean eraikitakoen artean Ormaiztegin (Gipuzkoa)dagoenak aipamena merezi du. Alexander Gustave Eiffelen ikasle batek diseinatu zuen».
Ezarian. Arkitektura
Nortasun bereziko zubiak
Historiaren isla dira, eta bilakaera handia izan dute. Euskal Herrian eta nazioartean badira besteen aldean nabarmentzen diren zubiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu