Nortasun uztari atxikiak

Euskal Herriko txokoak. Uztaritze Etxegintzaren presioa gero eta handiagoa da herrian, baina, hala ere, nortasunaren atxikimendua erakusten du Lapurdiko hiriburu ohiak.

Lota jauregian dago Euskal Kultur Erakundearen egoitza. GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Uztaritze
2011ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Lurraren aberastasunak eman omen zion izena herriari. Errobi ibaiaren bi magaletan zabaltzen da Uztaritze, lehengo herribarnetik hasita, gero eta zabalago. Historian, laborariek etengabe landu izan dituzte lur emankor horiek. Gaur egun, ordea, hirigintzaren eta etxegintzaren presioa sekula baino handiagoa da. Mendeetan basoa izan diren lurrak biluztu dituzte lehenik, eta, ondoren, etxeak altxatu dituzte landareak sortzen ziren eremu horietan. Herritar kopurua biziki emendatu da, sei mila biztanleren heinean dantzari jarriz. 1800. urtetik II. Mundu Gerraraino bi mila biztanleren inguruan ibili ondoren, azken urteetan hazkuntza handia izan du, Lapurdi kostaldean izan den biztanle emendatzearen ondorioz. Biztanleria hirukoizteraino.

Errobi ibaiaren magaletan garatu da Uztaritze. Zabal, 32,75 kilometro koadroko eremuaren jabe baita Uztaritze. 1177tik Frantziako Iraultzara arte (1989) Lapurdiko hiriburua izan zen, eta garrantzia nabari da hiribarnea osatzen duten eraikuntzetan. Harro eta distiratsu dago Lota jauregia Errobiri begira. Garaiko botereaz husturik, azken urteetan Euskal Kultur Erakundea aterpetzen du. Historiaren ironia. Euskarak etengabeko gainbehera pairatzen duen herrialdean ipuinetako jauregia da euskal kulturaren aterpe.

Baina, oroz gain, euskal erroak sutsuki atxiki ditu Uztaritzek. Baiona inguruko herriek euskara eta euskal kulturaren aztarnak galdu badituzte ere, hainbat ekimen garatu dituzte uztariztarrek. Adibidez, inauteri garaian egiten duten Hartzaro festibala.

Tontor baten gainean altxatzen da, harro, Uztaritzeko Herriko Etxea, eta haren inguruan biltzen dira gaur egun saihestu ezinak diren administrazio zerbitzuak. Errobi ibaiaren saihetsean, herriaren hezurdura den errepidea, eta haren segidan daude, Lota jauregiari itsatsirik, eliza, eskola zaharra zein Pilota plaza. Historiaren harian urruti gelditzen dira apaizgaiek herriko karrikak bete eta formakuntzaren argiak Uztaritzera erakartzen zituzten garaiak. Karrika bizirik dago.

Bizirik egunez eta bizirik gauez, Ttirritta ostatuaren inguruan biltzen diren gazte eta euskaltzaleei esker. Bizirik, tabakoa erretzea debekaturik duen tabako eta prentsa saltzaileen saltoki-ostatua bezala. Ibaiak bezala, hiria zeharkatzen duen errepideak itzuli hertsiak ditu. Emeki pasatzen dira autoak Arruntza auzotegirantz. Garai batean zelaiak eta maldak ziren tokietan etxeak altxatzen dira gaur egun. Beldurra ez dator ibaitik, AHT berriak Arruntzan eraginen lituzkeen triskantzetatik baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.