Komunismoak eztanda egin arte, identitatea ez zen garrantzizko auzi bat Bosnia eta Herzegovinako herritarrentzat. Denbora gutxian, baina, nortasuna funtsezko gai bihurtu zen herrialdean, eta bere inguruko liskarrak areagotu baino ez ziren egin.
Bosnia eta Herzegovinan nortasunaren gaiak duen garrantziaz jabetzea funtsezkoa da herrialdeko gatazka politiko eta soziala ezagutu eta ulertzeko, eta, horretarako, Identifikatu zaitezte! mahai ingurua antolatu du Donostiako Udaleko Berdintasun eta Kooperazio Sailak (19:00)
Identitatearen benetako zentzua topatzea izango da mahai inguruaren xedea. «Batzuentzat, izate genetiko bat da, baina besteentzat aukera daitekeen etiketa bat da. Batzuentzat gizarte batasunerako giltza denean, beste batzuentzat tranpa bat», diote antolatzaileek. Ikuspegiok aztertzea izango da helburuetako bat.
Horretarako, Bosnia eta Herzgovinatik etorritako lau hizlari izango dira Aieteko Bakearen Etxean: Abduselam Sijercic (Gorazdeko komandante ohia), Slavko Klisura (kazetaria), Esma Drkenda (ekintzailea eta gerrako borrokalari ohia) eta Vesna Nemec (Bosnia eta Herzegovinako Legebiltzarreko parlamentari sozialdemokrata).
'IDENTIFIKATU ZAITEZTE!' MAHAI INGURUA
Non. Aieteko Bakearen Etxean (Donostia)
Noiz. Gaur, 19:00etan.
Sarrera. Doakoa (lekua bete arte).
Nortasuna, ezagutzaren giltza
Bosnia eta Herzegovina osatzen duten herrietako lau ordezkari identitatearen zentzuaz solastuko dira Aieten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu