Edertasuna

Norvegiako Gobernuak giza gorputzen irudietan egindako ukituak aitortzera behartzen duen lege bat onartu du

Lege horren ondorioz, iragazkiren bat erabili duten edota irudietan ukituren bat egin duten influencer eta iragarle guztiek horren jakitun egin beharko dituzte jarraitzaileak, eta igo berri duten irudi hori moldatuta dagoela adierazi.

Kate Winslet, Woody Allenen "Wonder Wheel" filmean. Bera da giza gorputzen irudien ukituen aurka manifestatu denetako bat. JESSICA MIGLIO
Nagore Arin.
2021eko uztailaren 6a
17:41
Entzun

Ezpain lodiak, kolorez aldatzen diren begiak, betile amaigabeak, larruazal laua eta leuna, beso gihartsuak, orin simetrikoak… Jada ez dago sare sozialetan erabiltzen diren iragazkiek egin ezin dutenik. Gero eta gehiago dira norberaren itxura edo gorpuzkera moldatuta sare sozialetan pil-pilean dauden iragazkiak erabiltzen dituzten norbanakoak. Influencer delakoek erabiltzen dituzte bereziki, eta askotarikoak dira: ezaugarri ugari dituzte, baina guztiek jarraitzen dute prozedura bera; izan ere, parean jartzen den pertsonaren itxura erreala eraldatzen dute, izan helburu guztiz estetiko batengatik, trufa egiteagatik, edota beste edozein arrazoirengatik.

Orain arte, nahi adina, nahi bestetan eta nahi bezala erabil zitezkeen, eta horrela izaten jarraituko du aurrerantzean ere; Norvegian izan ezik. Bertan, duela gutxi onartu dute argazkietan egiten diren ukitu horien guztien erabilera baldintzatuko duen lege bat. Lege horren ondorioz, iragazkiren bat erabiltzen duten edo irudietan ukituren bat egiten duten influencer eta iragarle guztiek horren jakitun egin beharko dituzte jarraitzaileak, eta igo berri duten irudi hori moldatuta dagoela adierazi beharko dute, argi eta garbi. Beraz, iragazkiak erabili bai, irudiak nahi bezala moldatu eta eraldatu bai, baina haien gustura berregokituak direla ohartarazi beharko dute.

Ohartarazpen horiekin erabiltzaileen autoestimuan eragin nahi dute; izan ere, pertsona, eta, batez ere, gazte askoren kezken sorburu dira horrelako irudiak. Edertasunaren proiekzio irreal bat egiten dute, eta helburu edo jomuga gisa hartzen dituzte miresten dituzten influencer ospetsuen argitalpen guztiak. Era horretan, gorputzarekiko presio etsigarri bat saihestu nahi dute, eta norberaren buruarekiko eta gorputzarekiko harreman osasuntsu bat garatu dezaten sustatu.

Lehendik datorren joera

Ez da, inolaz, joera berri bat argazki moldaketa eta iragazkiena: lehendik datorren moda bat da, baina azken urteotan gehiago hedatu eta garatu da. Horregatik, gero eta egitasmo gehiago ernaltzen ari dira «moda eredu arduragabe» horiekin amaitzeko asmoz. Hainbat influencer ere manifestatu dira horrelako ukituen aurka: Kate Winslet antzezle ezaguna, adibidez, behin baino gehiagotan agertu da praktika horien aurka. Azken adierazpena Mare of Easttown telesailaren harira egin zuen, zuzendariak haren sabela disimulatzeko ukituak egingo zituztela esan zionean. «Ez ausartu hori egitera», erantzun zion antzezleak.

Joera horien indarra apaltzeko ikusi du Norvegiako Gobernuak jarduera hori baldintzatzeko beharra. Influencer delakoei ez ezik, iragarleei ere eragingo die legeak, eta prozedura zehatz bat jarraitu beharko dute moldaketaren bat edo ukituren bat duten irudiak argitaratzerako garaian. Norvegiako Gobernuak zehaztu duenez, ohar edo etiketa jakin bat izan beharko dute horrelako argitalpen guztiek, ikusiko duen erabiltzaileak ukituak izan dituela jakin dezan. Hala, «edertasun irrealaren aurka» egin nahi dute: «Publizitateak haurrengan eta gazteengan duen eragin txarra txikitzen lagunduko du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.