Odol lapurrak

Jakin-mina piztu zuten beti barojatarrek Beran, Mikel Taberna idazleak dioenez. Handia izan zen herriarekin izan zuten harremana, oso elkarrekikoa.

Inigo Astiz
2012ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Nahasi egiten dira etxeko oroitzapenak eta liburutegiko irakurketak Mikel Taberna idazlearen kasuan. Lesakan jaio zen, baina Beran bizi izan da. Irakurri egin ditu barojatarren lanak, eta entzun ere bai haiei buruzko kontuak, etxean. Haren hitzetan, handia izan zen barojatarren eta herriaren arteko harremana. Aberasgarria bientzat. «Familia berezia zen barojatarrena, eta jakin-mina pizten zuen». Beste haize bat eraman omen zuten herrira. Tabernak amari entzundako anekdota batekin azal daiteke eraginaren nondik norakoa: «Amak kontatu zidanez, Carmen Baroja izan zen berak erretzen ikusi zuen lehen emakumea. Eta autoa ere gidatzen omen zuen».

Ez zituen herri guztiak begi onez ikusi. Elizak gogor egin zuen behin baino gehiagotan Pio Barojaren aurka. Bera ez zen salbuespena izan. Apaiz eta irakasleek kontra egin zioten, bakoitzak bere pulpitutik. «Barojatarrekin kontuz ibiltzeko esaten zieten umeei. Julio Caro Baroja oso gaixorik zegoen batean, eskoletan irakasleek esaten zieten haurrei gauez kalera ez ateratzeko, barojatarrek odola kendu eta Juliori jarriko ziotelako». Ez zituzten denek berdin hartu, ordea. «Mundua ekarri zuten herri txiki batera. Arriskutsuak izan ziren batzuentzat; bertze askorentzat, berriz, interesgarriak».

Astindu kultural batez mintzo da Taberna, eta 1972. urtea jarri du adibidetzat: «Pio Barojaren jaiotzaren urteurrena ospatzeko jaialdi bat antolatu zuten Beran. Inarrosi egin zituen herria eta ingurua ekitaldi hark. Oskorri eta Akelarrek kantaldia eskaini zuten, Jorge Oteizak eskultura bat jarri zuen, ipuin lehiaketa bat izan zen... Horrez gainera, Julio Caro Baroja ere aritu zen galtzear ziren dantza, abesti eta bertzelakoak berreskuratzen, eta gazte talde bat aritu zitzaion lan horretan laguntzen. Horrek izan zuen herritarren artean eraginik. Beran eta Bidasoa inguru ia osoan utzi zuten marka barojatarrek».

Euskara, alde eta kontra

Etorkizunik gabeko hizkuntza bat zen euskara Pio Barojarentzat. Horrek ez du esan nahi, ordea, euskararen alde lanik egin ez zutenik. Hori da, behintzat, Tabernaren iritzia. «Egia da hitz gogorrak izan zituela Pio Barojak euskararentzat, baina herrian gelditu dena ez da hori. Euskararen aldekotzat hartzen zirela esanen nuke». Izan ere, barojatarren lanak izan du oihartzunik euskararen arloan ere. Ziztada moduko bat izan omen ziren Julio Caro Barojak eginiko berreskurapen lan horiek, Tabernak dioenez. Hazi moduko bat.

Emateaz gainera, jaso ere egin zuten barojatarrek. Beran dituzte sustraiak, adibidez, Pio Barojaren kontakizunetako pertsonaia, paisaia eta istorio askok. Bertan idatzi zituen, eta bertakoak hartu zituen maiz eredutzat. Memorias de un hombre de acción liburua da adibideetako bat. Badira gehiago. Horregatik herritarren mesfidantza: «Barojarekin hitz egitea arriskutsua zela esateko bertze arrazoietariko bat hori zen. Hari ezer kontatuz gero, haizatu egiten zuela esaten zuten herritarrek».

Lehenago ere ikertua du Bera eta barojatarren arteko harremana Tabernak, eta A la busca de Pio (Pioren bila) izeneko liburuan irakur daiteke familiaren eta herriaren arteko elkar eraginari buruzko haren azterketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.