Bazkaldu ondoren, abuztuko beroan, La dama de rosa aditzen ahal zen airean, Iruñeko Txantrea auzoan. Tenore horretan, etxeko terrazara ateratzen nintzen Salustioren lerro batzuk itzultzera. Latina ikasi nahian, ariketak egiten ematen bainituen arratsaldeko lehen orduak. Filologia ikasi nahi nuen gero, unibertsitatean.
Osabari, auskalo zergatik, ez zitzaion ongi iduritzen nire asmo hura, eta horren kontura eztabaida bat baino gehiago izan genituen. Orain, gibelat begiratzen dudalarik, ez dut ulertzen zer dela-eta eman behar nion hari azalpenik nire planei buruz, baina egia da bolada luze batez arrunt tematua ibili zela hobe-bertze-zerbait-ikasiko-bazenu kontu horrekin, nire etorkizuna berak erabaki beharko balu bezala.
Ez dakit, bada. Denborak oroitzapen batzuk eztitzen baditu ere, hau garraztu egin dit. Zenbat denbora alferrik galdua. Baten batek erranen du asmo ona zuela osabak; baliteke, baina sobera tematu zen, luzeegi: ez zuen isiltzen jakin argi zegoelarik isildu behar zuela, ez zuen nire borondatea errespetatzen jakin.
Urteak pasatu ahala, gure harremana hoztuz joan da. Osaba bati zor zaion begirunea diot, baina, mendeku gisa, urtebetetze egunean ez diot deitzen. Zitala naizela? Tira, zailago litzateke urte luzeetako haren borroka deskribatuko lukeen izenondorik aurkitzea. Bakean utzi nau azkenean, baina ez nago prest hura zoriontzeko, hari omenaldirik egiteko.
Beharbada, baten bati odolgabea naizela idurituko zaio, baina hondarrean ez nuen latina ikasi.
Maratila
Odolgabea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu