Komunikazioa. Ekografiak

Ogi zuria izan eta beltza

Aritz Galarraga.
2011ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Zer iruditzen zaizu katalanez filmatutako pelikula batek Espainia ordezkatzea? Nik, azkenean, ez dut ezer ulertzen. Galdera, txepelkeria ez, elefante baten tamainako kontraesana iruditzen zait galdetzaileen proiektu politikoa zein den ezagututa. Katalunia ez al da Espainia? Katalana ez al da Katalunia? Katalana, beraz, ez al da Espainia? Zein da arazoa? Ez ote dira Katalunia Espainia ez dela diotenen arrazoibidea sendotzen ari?

Bi erantzunak ere mundialak dira: A) Ez zait garrantzitsua iruditzen zein hizkuntzatan filmatuta dagoen —Hortaz, errusieraz dagoen pelikula batek ordezka dezake Espainia?—. B) Gaztelaniazko bat joan beharko litzateke —Nahiz Boliviako zuzendari, ekoizle, makillatzaileak izan? Nahiz Evo Moralesen bultaño bat?—. A, bai, Pa negre pelikulaz ari naiz, Espainiako Zinema Akademiak Oscar sarietarako hautagaiak ekarri duen eztabaidatxoaz. Eta, bai, galde-erantzun horiek telebista kate batek egin ditu, Antena3.com-en.

Telebista kate baten kontraesanak baino garrantzitsuago, politikariak. Ai, politikariak, gauza bat esan eta beste bat egin, eta ezin gero kontu eske hasi. Kataluniako Parlamentuak zinemaren legea onartu zuen aurreko legegintzaldian, eta aurreko gobernuarekin. Bitik bat, pelikulen erdiak katalanez bikoiztea ekarri zuen legeak. Hautsak harrotu zituen, banatzaileen protestak. Bada, lege onartu hori apaldu egin du gobernu berriak: lautik bat izango dira katalanez. Protesta gehixeago eginda zortzitik bat izatea lortuko da erraz, parlamentu batek baino indar handiagoa baitu zinema industriak.

Batean kendu, bestean eman, Kongresuak onartu du, herri ekimen baten harira, telebista autonomikoak hizkuntza partekatzen duten erkidego autonomoetan ikusteko ekimena bideratzea. Logikoena litzateke telebista autonomiko guztiak estatu osoan ikusi ahal izatea, are LTDak Boing, 13tv, Divinity gure etxeetan sartzen dituenean. Errealitatea beste bat da, Balear Uharteetan, Valentzian, ezin dute Kataluniako telebista ikusi. Nafarrek ez dute ETBrik nahi. Borroka politikoen baitan daude telebista ikusleon eskubideak.

Ogi zuria izan eta beltza eman esan zuen Txillidak. Edo Iparragirrek, ez dut ondo gogoratzen. Esaldia politikariei aplikatu nahi izan zien, esanari zer zentzu eman nahi izan zion, ordea, ez dakit. Galdetu lehendakari jaunari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.