Diabetikoa izatea ez da oztopo izan Josu Feijooren (Gasteiz, 1966) ibilbidean. Mendizale profesionala ez ezik, astronautaere bada.
Abenturazalea zara, betidanik. Nondik datorkizu zaletasuna?
Eskola garaian mendira joateko zaletasuna nuen. Beti izan dut aske izateko grina hori. Gaixotasun kronikoa izan arren, anbizio handiko pertsona naiz. 16 urte nituela Mont Blanc-era igo nintzen, eta orduan Everestera igotzeapentsatu nuen. Niretzat, txikitako ametsak betetzea zoriontasunaren sinonimo dira. Horietako bat izan zen Everesteko gailurrera iristea, eta bestea, astronauta izatea. Gauza biak lortu ditut.
Zertan aldatu dizu bizitza diabetesak?
23 urte nituela bizitzak oztopo bat jarri zidan bidean, diabetesa diagnostikatu zidatenean. Medikuek debekatu egin zidaten mendizale izatea. Hasiera batean etsituta onartu nuen erabakia, baina gerora aukera egin nuen, eta gaixotasunarentzat bizi beharrean, gaixotasunarekin bizitzea erabaki nuen. Horrela, diabetesa nire bidelaguna bilakatu da. Burugogorra naiz oso, eta neure buruari erakutsi nahi nion kapaza nintzela aurrera egiteko eta zoriontsu bizitzeko.
Eta alpinista profesionala egin zinen...
Ohore bat da munduan Grand Slam izeneko erronka egin duen lehen diabetikoa izatea. Gaixotasun kroniko batek ezin nauela geldiarazi erakutsi dut.
Diabetikoa izaki, prestakuntza berezia behar duzu espedizioak egiteko?
Egunean lau aldiz injekzioak jarri behar ditut, gosaldu aurretik odolaren glukosa maila neurtu, eta hortik aurrera hartu behar dudan intsulina kopurua zehaztu behar dut. Pertsona osasuntsu batentzat zaila bada halako erronkei aurre egitea, pentsa gaixo kroniko batentzat. Espedizioetako kideek baino zertxobait gehiago entrenatu beharra daukat, eta burua ere hotzago izan behar dut. Beste edozein eskalatzailek baino arrisku handiagoa daukat, baina nire burua ongi kontrolatzean dago gakoa. Baina badago alde onik ere: nire gaixotasuna hobeto ezagutzen ikasi dut, baita taldekideek ere.
Mendi garaienak igo ostean, espazioa duzu hurrengo erronka.
Edozeinek pentsa dezake zoratuta nagoela, baina txikitatik izan nahi nuen astronauta. Duela zazpi urte Composites enpresarekin harremanetan jarri nintzen eta astronauta izan nahi nuela adierazi nien. Hilabete batzuetara Burt Ruttonek erantzun zidan, enpresako diseinatzaile aeronautikoak. Orduan hasi zen ideia gorpuzten. Espaziora joateko ziurtagiri guztiak ditut, eta ofizialki astronauta naiz. Erregaia ordaintzeko dirua bildu dut, eta espaziora joango naiz zortzi edo bederatzi hilabete barru.
Espazioan esperimentuak egingo dituzu, ezta?
Bai, diabetesa dutenen bizi kalitatea hobetzeko asmoarekin esperimentuak egingo ditut, intsulinaren hormonak nola erantzungo duen jakiteko. Esperimentu historikoak egingo ditugu. Gaixotasuna sendatzeko lehen urratsa izango da.
Ikurrina eramango duzu espaziora?
Bai, ikurrina mahukan josita eramango dut, eta baita Athletic-eko intsignia bat ere!
Josu Feijoo. Mendizalea
«Ohore bat da Grand Slama egin duen lehen diabetikoa izatea»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu