Ainara Lasak (Oiartzun, Gipuzkoa, 1975) Hariketak; lotzea askatzea denean erakusketa jarri du Errenteriako Xenpelar Etxean (Gipuzkoa), azaroaren 11ra arte. Erradiografiak hariekin josita, argi kutxetan, horra artistak proposatzen duena. 18:00etatik 21:00etara dago zabalik.
Erradiografiak arimaren ispilua dira?
Gorputzaren barruko aldearen erakusgarri fisiko bakarra dira.Lau urte neraman erradiografiekin lan egiten hariekin hasi baino lehen. Barrura begira niretzat egin nahi nuen ariketa bat zen. Inguruko jendearen hezurrak erabili ditut euskarri gisa.
Berlinen izan zenuen bizikleta istripuak eman zizun azken bultzada?
Hanka hautsi nuenean orratzekin ari nintzen lanean. Erradiografien gainean pinturarekin probak eginak nituen, baina ez zuen ondo islatzen agertu nahi nuena. «Agian, orratzak izan behar du erradiografian zerbait kontatzeko bidea», esan nion neure buruari orduan. Bide batzuk eraiki behar nituen erradiografiaren gainean,eta beste materialekin ez zuen funtzionatzen. Hariek ezer baino hobeto agertzen zuten barruan nituen tentsio, pultsio, kezka eta zurrunbiloa. Erradiografietan zuloa egiten dute, eta barruko mundura begiratzeko leihoa dira zulook. Hezurra baino gehiago hautsi zitzaidan garai hartan, eta lan prozesu honek hori kontatzen du. Zauria ixtearen ideia da.
Tradizio handiko ideia, izan ere: Joseph Beuysengandik Frida Kahlorenganaino. Arteterapia da hau?
Ez dut hau guztia pentsatuta egin; askoz intuitiboagoa izan da. Ez dut sendabide gisa ulertu eta egin, baina egia da egin izanak lagundu egin didala, ulertzeko bidea ematen zidalako.
Hezurrak ere memoria historikoa ari dira mahai gainean jartzen.
Memoria eta bizipenak iltzatuta geratzen direla uste dut, oro har, eta forma hartzen dutela. Niretzat abiapuntua da hau, berriz arte plastikoetan murgiltzeko urteetan baztertuta eduki ondoren. Sendatu, eraiki eta loturak agertzeko erabili nahi nituzke hariak, eta, beharbada, alanbreak eta sokak. gertatu dena eta gertatzen dena ulertzeko ariketa da. Ariketa, h-rekin eta h-rik gabe.
«Oina hautsi nuen Berlinen, baina hezurra baino gehiago hautsi zitzaidan»
'Hariketak; lotzea askatzea denean' erakusketa paratu du sortzaileak Errenterian. Erradiografiekin eta hariekin eginiko argi kutxen bilduma bat da, eta azaroaren 11ra arte egongo da ikusgai, Xenpelar Etxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu