Modu naturalean korrika egiteko filosofiak gero eta jarraitzaile gehiago ditu, baita Euskal Herrian ere. Kirol oinetako minimalistekin korrika egiten dute askok, baina badira oin hutsean lasterka ibiltzen direnak ere. Juanjo Ugartemendia irakaslea, Kontxi Garmendia fisioterapeuta eta Pablo Juaristi prestatzaile fisikoa dira oinutsik korrika egiteko ohitura duten hiru lagun. Haien esperientziak eta bizipenak irakurri ahal izango ditu irakurleak bihar, BERRIAn, Bizigiro gehigarrian.
Oinak biluzik korrika egiteak dituen abantailen eta eragozpenen gaineko iritzia ere eman du Keivan Massarrat fisioterapeuta, osteopata eta nutrizionistak. Adapta Fisioterapia zentroa du Massarratek Bilbon. Korrikalarien klinika da Adapta, eta bezeroen korrika egiteko teknikak aztertzen dituzte, okerrak zuzentzen laguntzeko eta lesioak sendatzeko.
Korri egiteko modu eta kontuez gain, Bilbon zabaldu berri duten Let's Cereal denda-tabernari buruzko erreportajea argitaratuko da. Soilik zerealak eskaintzen dituen Euskal Herriko lehen denda-taberna da.
Asteburuan zer egin daitekeen ere aipatuko da asteburuko proposamenen orrian. Bihar, esaterako, Txakolin Eguna egingo dute Azpeitian (Gipuzkoa). Getariako Txakolina jatorri izena duten hamalau upategitako txakolinak dastatu ahalko dira, eta pintxoak ere izango dira, edariari laguntzeko. Igandean, berriz, Gipuzkoako eskola txikiak "bizirik" daudela aldarrikatuko dute Arroa Behean (Zestoa, Gipuzkoa), egun osoko jai baten bidez. 26 eskolatako haurrak izango dira festan.
Zinemako estreinaldien artean, Ivo Ferreira zuzendariaren Cartas da guerra filma aipatuko du Gontzal Agotek. Antonio Lobo Antunes idazlearenizenburu bereko liburuaren moldaketa egin du Ferreirak. Datorren ostiralean estreinatuko da filma, Hego Euskal Herriko zinema aretoetan.